Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea ireki dute
Eta euskaraz egiten badugu? lelopean, abian da 2024-2025eko ikasturterako Mintzalaguna egitasmoa; izen emate epea ireki dute, eta hilaren 25era arte egongo da zabalik. Bagera Euskaltzaleen Elkarteak duela 30 urte baino gehiago sortutako egitasmoa da, eta Bagerak eta udalak duten hitzarmenari esker, parte hartu nahi dutenek 30 euroren truk egin dezakete. Mintzalagunean aritzeko, gutxienez B.1 maila izan behar dute bidelariek (mintzapraktika behar dutenek) eta bidelagunek euskaraz aritzeko ohitura izatea nahikoa dute parte hartu ahal izateko.
Ikasturte osoan zehar, hainbat zaletasunen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Donostian, 300dik gora lagunek parte hartzen dute, eta Euskal Herri osoan 8.000 inguruk, bai aurrez aurre eta baita online ere. Honakoa da egitasmoaren funtzionamendua: euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da astean behin eta hainbat gaien inguruan mintzatzen dira, partekatzen duten denbora tarte horretan.
“Euskararen erabileran jauzi bat egin behar dugun momentu honetan, oso azpimarragarria da mintzapraktikak alor honetan egiten duen ekarpena. Hiztegia bereganatzen, segurtasuna irabazten eta beldurrak uxatzen laguntzen die pertsona askori, poliki-poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz. Euskal hiztun berriak mingaina dantzan jartzera laguntzen ditu, ezagutza eta erabileraren arteko jauzi hori era progresiboan eta segurtasunez ematen lagunduz”, nabarmendu dute antolatzaileek.