Segurtasun dispositibo berezia prestatu dute Realaren eta Anderlechten arteko partidarako
Arrisku handiko partidatzat dute ostegunekoa Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, eta, hori dela eta, hainbat neurri hartuko dituzte, besteak beste, zenbait kale mozketa.
Ostegunean (hilak 3, 18:45), Realaren eta Anderlecht talde belgikarraren arteko Europa Ligako partida jokatuko da Anoetan eta, hori dela eta, segurtasun dispositibo berezia prestatu dute, udalaren hitzetan, “partida ikustera joango diren bi zalegoen arteko zein gainerako hiritarren arteko bizikidetza guneak bermatzeko”.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak arrisku handiko partida gisa izendatu dute ostegunekoa, udalak azaldu duenez, nazioarteko neurketa delako eta pertsona ugarien bertaratuko direlako, “horien artean, Belgikako taldeko mila bat zale”. Zenbait hedabideren arabera, 1.000 horien artean, 300 bat ultra etorriko dira; ultraeskuindarrak dira Anderlechteko ultrak eta behin baino gehiagotan izan dira istiluak ultra talde ultraeskuindarrak etorri direnean. Horrela, segurtasun dispositiboa asteazkenetik egongo da aktibatuta.
Itxiera perimetrala
Ostegun arratsaldean Anoeta inguruan egingo duten itxiera perimetrala da neurri nabarmenena: 16:30etik 19:00ak arte, gutxi gorabehera, Pio XII.aren plazaren eta Anoeta estadioaren artean ibilgailuen zirkulazioa guztiz moztuta egongo da. Zehazki, kale hauetan: Zorroaga pasealekua, Aita Donostia plaza, Errondo pasealekua —bide hauetan trafikoa moztuko da Portutxo biribilgunean eta Toribio Alzaga eta Zorroaga pasealekuaren arteko biribilgunean—, Pio XII.aren plaza, Eustasio Amilibia, Karlos I.aren hiribidea, Felipe IV.a kalea, Irun plaza, Baleazaleak kalea eta Begiristain Doktorearen pasealekua, Aita Donostia plazatik ospitalera.
Larrialdietako ibilgailuak, garraio publikoa, mugikortasun urriko pertsonak eramaten dituzten ibilgailuak edo Osakidetzako etxez etxeko asistentzia zerbitzuak igaro ahal izango dira soilik gune horietatik. Garraio publikoa, Madril hiribidetik ibili ahal izango da bi norabideetan, baina 16:30etik 19:00etara, Isabel II.aren kalearen eta Aita Donostia plazaren artean, bi norabideetan dauden geltokiek ez dute zerbitzurik izango.
Bestalde, itxieraren barruan aparkatutako ibilgailuren bat mugitu beharko balitz, ibilgailu horiek Pio XII.aren plazatik aterako dira. Ospitalera joan behar duten hiritarrei aholkatzen zaie GI-40 errepidea erabiltzea. Udalaren eta segurtasun operatiboaren arduradunek, halaber, dei egin dute “garraio publikoa erabiltzeko, estadiora denborarekin joateko eta Amara Berriko auzotarrei zein hiriko beste auzoetako bizilagunei eskatu diete kontuan hartzeko neurriok euren egunerokotasunean izan ditzaketen eraginak”.
Halaber, gogorarazi dute “kirolaren bortizkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta tolerantzia ezaren aurkako Legeak kirol instalazioetan edo inguruetan bengalak eramatea edo erabiltzea debekatzen duela, eta bide publikoan erabiltzeak ere Hiri Segurtasuna Babesteko Legea erabilita zigortu daitekeela, betiere baldin eta arau hauste penalik ez badago”.
Amara Berriko bizilagunen TAOa
Urriaren 2tik 4ra, biak barne, 5-1 sektoreko TAO baimena duten egoiliarrek libreki aparkatu ahal izango dituzte haien ibilgailuak 1-2 Erdialdea, 1-5 Morlans, 5-2 Loiolako Erribera eta 5-3 Loiola sektoreetan. Sektore horietan, TAOko titularrei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatuko zaizkie. Egoiliar horiek, hain zuzen ere, ezin izango dute doan aparkatu nahitaezko ordainketa eremuetan (15 eremuetan), ezarritako erregulazio ordutegiaren barruan.
Hala ere, segurtasun arduradunek herritarrei eskatu diete ahal duten heinean “aipatutako eremu perimetralera ez hurbiltzeko, ordezko bideak erabiltzeko eta egingo diren sarrerak eta irteerak denborarekin planifikatzeko”.