Euskarabilduak teknologiaren erabilera «etikoagoa eta iraunkorragoa» aldarrikatuko du
Jardunaldiak hilaren 17an egingo dituzte, San Telmo museoan.
Euskarabildua jardunaldiak egingo dituzte “teknologiaren erabilera etikoagoa, iraunkorragoa eta bideragarriagoa” aldarrikatzen dituzten hotsen bozgorailu izateko. Artifiziala ez den teknologia lelopean, euskara eta teknologia berriak uztartzen dituen ekitaldiak adituen solasaldiak izango ditu teknologia “betaurreko kritikoz” begiratzeko.
Hala, San Telmo museoan izango dira, besteak beste, Manuela Battaglini, etikan eta datuen pribatutasunean espezializatutako abokatua; Marta Guerrero Franco, Las redes son nuestras liburuaren egilea; Daniel Esteban, Madrilgo Erkidegoko hezkuntza sisteman subiranotasun teknologikoa sustatzen duen EducaMadrid plataformako kidea; eta Belen Ivars, Softcatala Interneten eta teknologia berrietan katalana sustatzen duen elkarteko kidea.
Antolatzaileen ustez, “teknologia modu independentean kudeatzeak tokiko ekonomia indartzea dakar, eta euskarak ingurune digitalean aurrera egin dezan burujabetza hori beharrezkoa da”. Era berean, inoiz baino garrantzitsuagotzat dute tresna informatikoei eta digitalizazio-prozesuei buruzko erabakiak hartzerako orduan, “pertsonen beharrei eta eskubideei” lehentasuna ematea.
Dagoeneko, irekita dute izen ematea Euskarabilduaren webgunean.