Ana Laborde donostiarrak jaso du Kultur Ondasunen Zaharberritze eta Kontserbazioaren Espainiako Saria
Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak Ana Laborde zaharberritzaile donostiarra saritu du, Kultur Ondasunen Zaharberritze eta Kontserbazioaren Espainiako Sariarekin. Epaimahaiak aho batez aitortu du Labordek “kultur ondarearen kontserbazioan eta zaharberritzean egindako ekarpen nabarmena, harrizko materialen tratamenduan egindako ikuspegi berritzaileak, erakundeen arteko lankidetzarekiko konpromisoa, nazioko eta nazioarteko erakundeekin egindako lanaren bidez, eta ezagutzaren hedapena, argitalpen espezializatu eta prestakuntza ekintza ugariren bidez”. Sari gisa, 30.000 euro jasoko ditu donostiarrak.
Era berean, Labordek egindako zaharberritze lan ugarien artean, Santiago de Compostelako Katedraleko Aintzaren Arkupeko esku hartzearen zuzendaritza teknikoa eta Madrilgo Alcalako Atea zaharberritzeko aholkularitza teknikoa nabarmendu ditu epaimahaiak.
Donostian 1958an jaioa, Geografia eta Historian lizentziatua eta Aurrehistorian eta Arkeologian espezializatua da Laborde; Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin zituen ikasketa horiek. Halaber, Madrilgo Kultur Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritze Goi Eskolako titulua dauka, Arkeologiako espezialitatean. Azken hamarkadotan, kontserbazio eta zaharberritze lan esanguratsuak egin ditu.