Hilaren 18tik aurrera egongo dira salgai Fantasiazko eta Beldurrezko Asterako abonuak
Sarrera solteak, aldiz, hilaren 21ean jarriko dituzte salgai.
35. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea urriaren 25etik azaroaren 1era egingo da, baina abonuak urriaren 18tik aurrera jarriko dituzte salgai. 09:00etan hasiko da salmenta, Antzoki Zaharreko leihatilan, eta abonuen kopuru mugatu bat salduko da.
Abonuek 80 euroko prezioa izango dute, zenbakituak dira eta eserleku bera esleituko zaio bakoitzari saio guztietarako. Abonuan hauek sartzen dira: katalogoa, 2000 maniacos fanzinea eta Kafka, lo kafkiano y el cine fantastico liburua. Bestetik, abonuarekin Viktoria Eugenia Antzokiko saioetara ere sar daiteke. Horretarako, aldez aurretik leihatilara joan behar da gonbidapen bat eskuratzeko. Pertsona bakoitzak gehienez lau abonu eros ditzake.
Abonuen telefono bidezko salmenta
Abonuak DK Zinema Unitatetik soilik erreserbatuko dira EAEtik eta Nafarroatik kanpoko pertsonentzat, eta geratzen den kupoaren arabera salduko dituzte. Ikusleen izena eta abizenak eskatuko dituzte, baita NAN fotokopia eta banku transferentziaren ziurtagiria ere. Abonuak urriaren 14an eta 15ean erreserbatu ahal izango dira, 943-48 11 57 zenbakira deituta. Erreserbak urriaren 23tik aurrera Antzoki Zaharrean jaso ahal izango dira.
Sarreren salmenta
Sarrera solteak urriaren 21ean jarriko dituzte salgai, 11:30ean, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean. Sarrera bakoitzak 7,50 euro balio du.
Sarrerak zenbakituak dira, eta pertsona bakoitzak gehienez bi sarrera erosi ditzake saio bakoitzeko. Gehienez, lau gonbidapen jaso ahal izango dira pertsonako, doako saioetarako.