Musika, pintura eta argia uztartuko dituzte Gipuzkoa plazan
Seigarrenez, Colectiva Kalea egitasmoa antolatu du larunbat honetarako (hilak 5) Arteuparte Groseko arte galeria, arropa denda eta estudio grafikoak, San Sebastian Shops erakundearekin elkarlanean. Hiru diziplina artistiko uztartuko dituzte: musika, pintura eta argia. Horretarako, Paul San Martin pianistak bere musika eskainiko du, Miguel Balliachek esku hartze artistikoa egingo du eta Jaime de los Riosen esku egongo da proiekzio bisuala. 19:00etan izango da emanaldia, Gipuzkoa plazan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “Colectiva Kaleak herritarren, merkataritzaren eta kalearen eta ospe eta ibilbide handiko tokiko artisten arteko elkarrizketa bat proposatzen du, honako gaiei buruzko eztabaida sortzeko asmoarekin: hiriaren norantz doan, merkataritza tradizionalaren eta auzo merkataritzaren artean tokiko jendearekin zer harreman dagoen, eta abar. Halaber, nazioarteko arrakasta eta garrantzia duten tokiko artistak hiriko publikoari hurbildu nahi dizkio egitasmoak”.