Amigos Antonio Bar danborradak emakumeak onartzea erabaki du
Gizartea eta Amigos del Europa danborradek ere erabaki bera hartu dute hilabeteotan, eta Club Cantabrico eta Aizepe dira orain danbor eta upel jotzaile roletan emakumerik onartzen ez duten danborrada bakarrak.
Bost izan ziren azken San Sebastian egunean Donostiako kaleetatik desfilatu zuten danborrada baztertzaileak, danbor eta upel jotzaile roletan emakumerik onartzen ez zutenak, alegia: Aizepe, Gizartea, Amigos del Europa, Amigos Antonio Bar eta Club Cantabrico. Hurrengo urtean, aldiz, Club Cantabrico eta Aizepe izango dira hala jarraituko dutenak —hemendik urtarrilera gauzak aldatzen ez badira—, azken hilabeteotan Gizarteak eta Amigos del Europak erabaki baitute emakumeak aipaturiko roletan onartzea, eta erabaki hori bera hartu du orain Amigos Antonio Bar konpainiak. 30 urte baino gehiago behar izan dituzte erabaki hori hartzeko Amigos Antonio Bar eta Amigos del Europa konpainiek —1990eko hamarkadan sortu ziren—, eta 40 urte baino gehiago Gizarteak —1982an sortu zen—, Kresalak parekidetasunaren aldeko pauso aitzindaria eman eta bi urtera.
El Diario Vasco egunkariak eman du albistea, eta informazioa baieztatu dio hedabide honi Maria Jesus Torres Donostiako Festak udal erakundeko arduradunak. Azken San Sebastian egunera begira, Zubi Gain, Ondar Gain eta Catedral Centenario konpainiek eman zuten pauso hori. Bestalde, Torresek gogorarazi du Emakumeen Etxeko danborrada ere ez dela mistoa, hor ez baita gizonik ateratzen.
Orain arte, Aizepen izan ezik, beste lau danborradetan atera dira emakume batzuk, baina soilik banderadun edo kantinera roletan atera zitezkeen; Aizepen, aldiz, rol horietan ere ezin dira atera. Donostiako Festakek “misto” gisa ditu danbor eta upel jotzaile roletan gutxienez hamasei emakume dituzten danborradak; ikusteke dago, hala ere, zein den aipaturiko hiru konpainia horietako gizon eta emakumeen proportzioa eta zein desfilean zein posiziotan joango diren, besteak beste.
Hain zuzen ere, Tito Marcelino Amigos Antonio Bar konpainiako Danbor Nagusiak El Diario Vasco-ri adierazi dionez, “gutxienez, emakumezkoen lau ilara aterako dira upeletan”, eta lehentasuna izango dute konpainiako gizonen bikotekide diren emakumeek.
Bestalde, gelditzen diren konpainia erabat baztertzaile horiez harago, San Sebastian egunaren parekidetasunaren inguruan bada zer aztertu: besteak beste, oraindik danborrada misto askotan danborra jotzen dutenen gehienak gizonak dira —desfilean aurrean doazenak, alegia—, emakumezko Danbor Nagusi gutxi ikusten dira eta, askotan, emakumeek ezin dute aukeratu nola aterako diren jantzita, urketari gisa atera baitaitezke soilik eta ez soldadu gisa. Datu zehatz horiek, ordea, azken urteotan ez ditu publiko egin udalak.