Artea eta Giza Eskubideak lehiaketan lanak aurkezteko epea ireki dute
21. aldiz, Artea eta Giza Eskubideak lehiaketa antolatu du Donostiako Udalak, eta lanak aurkezteko epea irekita dago, 2025eko urtarrilaren 31ra arte. Udalak lehiaketan parte hartzera gonbidatu ditu haur eta gazteak, edozein marrazketa teknika erabiliz, Giza Eskubideen Adierazpen unibertsalaren 3. artikuluaren inguruan hausnartu dezaten: “Bertan, bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako beharreko eskubideak jasotzen ditu. Nola irudikatzen dituzu eskubide horiek? Zer beharko litzateke horietaz gozatu ahal izateko?”.
6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazte guztiek parte hartu ahalko dute, banaka edo taldeka parte hartzeko aukera dago, ikastetxeen, haurtxokoen, gaztelekuen, elkarteen, arte akademien eta abarren bitartez edo modu librean. Lanak udaleko Giza Eskubideen atalera eraman edo bidali behar dira (Aiete pasealekua, 65. Aiete Jauregia 1. solairua).
Behin lanak aurkezteko epea itxita, epaimahai ofizialak aurre sailkapen bat egingo du, eta irabazle batzuk nortzuk diren erabakiko du; gero, herritarrek, kategoria bakoitzeko lanik hoberenak aukeratu ahal izango dituzte. Sariak, 2025eko apirilaren 13an banatuko dira, udaletxean. Halaber, lan guztien erakusketa egingo dute eta Bazen behin irudi bat… liburuxka argitaratuko dute parte hartzaile guztiei banatzeko, lan onenen eta sentiberatasun gehien dutenen hautaketa batekin.