Baldosa aldaketen azken lanak abiatu dituzte Kontxa pasealekuan
Kontxa pasealekuko baldosa gris zaharraren ordez, Donostiako hexagonal zuria jartzeko lanetan aritu dira azken hilabeteotan. Obrak bi fasetan egin dituzte, lehen zatiaren aldaketak iragan apirilean egin baitzituzten. Orain, uda igarota, ekin diote bigarren zatiari. Bigarren jarduera honek 985 metro koadro ditu, zazpi asteko obra epea izango du eta 55.084 euroko inbertsioa.
Carlos Garcia Hiri Mantentze lanetako zinegotziak adierazi duenez, “amaitzerakoan, Kontxako pasealeku osoa batuko dugu. Gaur egun, bi baldosa mota daude bertan: antzinako gris karratua, gero eta leku gutxiagotan dagoena, eta Donostiako baldosa hexagonal zuria, ia hiri osoan dagoen zerrenda grisarekin.”