Zer plan astebururako Donostian?
Kontzertuak, azokak... askotariko jarduerak aurkituko dituzue asteburuan Donostian aisialdiaz gozatzeko.
Ate joka dugu asteburua! Egin al duzue planik? Hirian gelditzeko asmoa baduzue, gure agendan aurkituko dituzue aisialdiaz gozatzeko zenbait aukera, baina hiru proposamen nabarmenduko dizkizuegu hemen.
Bertsozaleek zita interesgarria dute Altzan ostiralean (hilak 4): Altzako Bertso Aroa. 24. urtez antolatu dute Bizarrain euskara elkarteak, Altzania kultur elkarteak eta Altzako Bertsozaleak taldeak, eta, betiko legez, giro ederra espero da. Tomasene Kultur Etxean izango da, 19:00etan, eta Josune Aramendi, Agin Laburu, Nerea Ibarzabal eta Julio Soto ariko dira bertsotan. Gai jartzailea, aldiz, Amaia Agirre izango da. Bertso musikatuak izango dira, eta bertsolariei laguntzen, Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariak arituko dira.
Larunbaterako, hortxe proposamena: Arizona Baby taldearen kontzertua, Egiako Dabadaba aretoan, 21:00etan. Valladolideko (Espainia) rock talde historikoa Salvation diskoa aurkeztera dator eta kontzertu indartsua espero da. 20:30ean irekiko dituzte ateak, eta sarrerak salgai daude, aretoaren webgunean zein han bertan.
Azkenik, iganderako, perretxiko eta onddo zaleentzako proposamena: Loiolako Mikologia Jardunaldien itxiera festa, Perretxiko Jaia. Latsari plazan egingo dute, goiz osoan zehar: 10:30ean, bildutako perretxiko eta onddoen erakusketa; 11:00etan, haurrentzako marrazki ikastaroa, Javier Espigaresekin; 12:00etan, bisita gidatua erakusketan; 13:00etan, erakusketako ekarpen mikologiko onenen sari banaketa eta, 14:30ean, itxiera.