Anderlecht taldeko bost jarraitzaile atxilotu dituzte
Istiluetan atxilotutako bat aske geratu da. Gainerako laurek, berriz, Ertzain etxean jarraitzen dute, epailearen aurrera noiz eramango zain.
Ertzaintzak Anderlechteko bost zale atxilotu ditu Anoetan, Realaren eta Belgikako taldearen arteko Europa Ligako partida jokatzen ari zirela. Lehen zatian partida minutu batzuetan eten egin behar izan zuten, ultren indarkeriaren erruz; segurtasun pantaila bat hautsi eta besaulkiak jaurti zizkieten belgikarrek euskal jarraitzaileei.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, istilu horien ondorioz bost pertsona atxilotu zituzten Belgikako zaleen harmailan, estadioaren barruan, arratsaldeko zortziak eta zortzi eta erdiak bitartean. Atxilotuetako bati desordena publikoak leporatzen dizkiote, beste bati agintaritzaren agenteen aurkako atentatua, eta hirugarren bati kalteak eta agintaritzaren agenteei aurre egitea. Geroago, beste bi pertsona atxilotu zituzten desordena publikoak egotzita.
Istiluak ordu erdi inguruan gertatu ziren, belgikarren 1-1ekoarekin batera, eta hainbat minutuz luzatu ziren. Anderlechten 300 erradikal inguru, segurtasun perimetro baten inguruan zeuden kokatuta, metakrilatozko pantaila batekin, gainerako zaleengandik banantzeko. Edonola ere, ultrek pantaila hori suntsitu zuten objektuak jaurtitzeko, eta beheko harmailetan zeuden ale txuri-urdinek euren eserlekuak utzi eta aldaketa eskatu behar izan zioten klubari.
Tentsioak gora egin zuen orduan, gainerako zaleak txistuka hasi ziren, eta Barbu epaile errumaniarrak partida gelditu zuen 35. minutuan. Anderlecht taldeko Colin Coosemans eta Theo Leoni jokalariak euren jarraitzaileak zeuden tokira joan ziren lasaitasuna eskatzera eta partidarekin jarraitu zuten minutu batzuk beranduago.
Neurri bereziak
Partidaren aurretik, tentsio uneak izan ziren Loiola kalean eta Bilbo plazan. Hori dela eta, inguruko dendak eta taberna batzuek pertsianak jaitsi eta komertzioak belgikarrak aurretik pasatu arte ixtea erabaki zuten
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak arrisku handiko partida gisa izendatu zuten atzokoa, nazioarteko neurketa zelako eta pertsona ugarien bertaratuko zirelako. Hori dela eta, Donostiako Udalak segurtasun neurri bereziak hartu zituen Realaren eta Anderlechten arteko partidarako, hala nola, futbol zelaiaren inguruan zirkulazioa erabat etetea. Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak “arrisku handikotzat” jo zuten partida. Belgikako taldearen 1.000 bat zale Gipuzkoako hiriburura iristea aurreikusita zegoen.
Linas Korta argazkilariak ultra belgikarrek Anoetaraino ertzainez inguratuta egindako bidea erretratatu zuen: