Etxean hasiko du liga Ibaeta Basketek
Etxean jokatuko dute asteburuan Ibaeta Basketek, Realeko futboleko mutilek eta belar hockeyko neskek eta Txuri Urdineko neskek. Etxetik kanpo arituko dira, aldiz, Gipuzkoa Basket, Bera Bera, Realeko neskak eta Txuri Urdineko mutilak.
Iritsi da denboraldiaurrean prestatutako guztia erakusten hasteko unea Ibaeta Basketentzat, bihar hasiko baitu liga. Etxean jokatuko du, arratsaldean, Jairis talde murtziarraren aurka. Talde ia osoa berritu du uda honetan klub donostiarrak, eta ikusteke dago nola funtzionatuko duen kantxan; zaleen babesarekin hasiko dute txapelketa, garaipenarekin hasteko helburuarekin. Bestalde, gizonezkoetan, porrot batekin hasi zuen liga joan den astean Gipuzkoa Basketek, eta hasiera horri buelta emateko asmoz doaz Palenciara gaur.
Eskubaloian, denboraldi honetako Europa Ligan debuta egingo du Bera Berak, Benficaren etxean. Garrantzitsua izango da Portugalen irabaztea, hurrengo larunbatean Gaska kiroldegian jokatuko den itzulerakoan eroso aritzeko.
Futbolean, Anderlechten aurka etxean galdu ostean, indarberritzeko egun gutxi dituzte Realeko mutilek, Atletico Madril hartuko baitute etxean igande gauean. Kostatzen ari zaie euren jokoa egitea txuri-urdinei, baina Anoeta indargune bihurtzen hasteko eta ligako sailkapenean gora egiten hasteko garaia da. Bestalde, Realeko neskak Granadara doaz igandean, hirugarren garaipena jarraian eskuratzeko eta, horrela, sailkapenean gora egiteko helburuarekin.
Belar hockeyan, Realak bi garaipen jarraian eskuratu zituen ligako lehenengo jardunaldietan, baina bolada eten zuen pasa den astean, denboraldiko lehenengo porrota eskuratuta. Etzi, etxean jokatuko du Egararen aurka, eta garaipenaren bidea berreskuratzea izango dute helburu.
Azkenik, izotz hockeyan, orain arte jokatutako partida bakarra irabazita, bide horretatik jarraitu nahi dute Txuri Urdineko neskek larunbatean, etxean Jacari irabazita. Mutilei dagokienez, Jacaren etxean jokatuko dute egun berean; orain arte, partida bat galdu eta beste bat irabazi dute donostiarrek.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 1. jardunaldia
- Ibaeta Basket — Jairis (larunbata, 5, 18:30).
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 2. jardunaldia
- Palencia — Gipuzkoa Basket (ostirala, 4, 21:00).
Eskubaloia
Europako Liga QR2, 1. jardunaldia
- Benfica — Bera Bera (igandea, 6, 16:00).
Futbola
Gizonezkoen liga, 9. jardunaldia
- Reala — Atletico Madril (igandea, 6, 21:00).
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Granada — Reala (igandea, 6, 12:00).
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Reala — Egara (igandea, 6, 16:00).
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Txuri Urdin — Jaca (larunbata, 5, 14:30).
Gizonezkoen liga, 3. jardunaldia
- Jaca — Txuri Urdin (larunbata, 5, 21:30).