Hamabi pieza, Nestor Basterretxearen mendeurrena ospatzeko

Ehun urte bete dira aurten Nestor Basterretxea artista bermeotarra jaio zenetik (1914-2014), eta, horren harira, erakusketa berezi bat inauguratu du San Telmo museoak: Nestor Basterretxea eta San Telmo Museoa. Bilduma baten loturak. Museoak bere erakusketa iraunkorreko hainbat piezaren eta euskal artistaren obra esanguratsuen hautaketa baten arteko elkarrizketazko ibilbide bat eskaini du erakusketan, hamabi piezaren bitartez. Miren Vadillok egin du proiektuko komisario lana, eta 2025eko urtarrilaren 26ra arte egongo da ikusgai.
Eskultoreak askotariko teknika eta diziplinatako artelanetan gauzatu zuen bere hurbileneko inguruarekiko zeukan interesa, eta arreta berezia jarri zuen, ezagutza eta inspirazio iturri gisa, euskal kulturaren adierazpen tradizionaletan, ohituretan eta sinesmenetan. Horregatik guztiagatik, museoak nabarmendu duenez, “objektuen arteko irakurketa interpretatiboa eta elkarlotua proposatzen da; horrek ahalbidetuko du euskal artistaren ezagutza aberastea eta museoak biltzen duen ondarea balioestea”.
Honakoak dira ibilbidea osatzen duten hamabi artelanak: Argizaiola (1973), Laugarren hilarria (1975) Amalur (1968), Akelarre (1972), Hiri zuria eta Hiri-paisaia (1957), Mural baterako proiektua Forondako aireportuan, Gasteiz (1980) Eguzki Lore Laugarrena (1974), Heriotza zerutik etorri jakun (2011) Biok errotulua (1966-1968), Operación H (1963), Izaro proiektuaren faksimilea (1982) eta Izaroren maketa (1982-1983) eta, azkenik, kartel hauek, pieza bakar gisa sailkatuta: Ondarrabian (1972), Intxixu (1972), Alderdi eguna (1975), Bai Euskarari (1978), Gernikako Estatutoa Bai (1979), Cincuentenario Fiestas Euskaras, Fuenterrabia (1975).

‘Nestor Basterretxea eta San Telmo Museoa. Bilduma baten loturak’ erakusketako piezetako bat.Donostia Kultura
Jarduerak
Erakusketaren harira, bi bisita gidatuak eta hitzaldi bat antolatu ditu museoak. Bisitak Miren Vadillo komisarioak gidatuko ditu, hilaren 10ean eta 24an, 17:00etan gaztelaniaz eta 18:00etan euskaraz; izena eman behar da, museoaren webgunean bidez.
Hitzaldia, aldiz, abenduaren 1ean izango da, 12:00etan, euskaraz: Nestor Basterretxea: espresioa eta analisia da hitzaldiaren izenburua, eta Ismael Manterolak emango du. Basterretxearen obra ulertzeko moduak aztertuko dituzte hitzaldian.