Inork ez zuen Nevenka sinistu
SOY NEVENKA
Zuzendaria: Iciar Bollain · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia · Saila: Sail Ofiziala
Madrilen lizentziatu berri den neska gazte batek bere herriko alkatearen proposamena jaso du, hurrengo hauteskundeetan alderdiaren zerrendako kide eta zinegotzi izateko. Zalantzati agertuko da hasieran, baina onartu egingo du, auditoretza batean egiten duen praktikekin uztartu ahal izatearen baldintzarekin.
2000. urtea, Espainia. Ponferradako Udaleko Ogasun zinegotzi Nevenka Fernandezek jazarpen gupidagabea pairatu zuen arlo politikoan eta pertsonalean nahi zuena egitera ohituta zegoen Ismael Alvarez udalerriko alkatearen partetik. Nevenkak badaki oso garesti ordaindu beharko duela salaketa jartzeko erabakia, baina aurrera egingo du. Itzal handiko politikari bat sexu eta lan jazarpenagatik epaitegietara eraman zuen lehen emakumea bilakatuko da orduan.
Istorio erreal baten, zauri sakon baten kontakizuna aurkeztea du xede Bollainen lanak, bere gordinean, apaindurarik gabe. Gertaturikoa baino, une hartan emandako urratsak eta erantzunak zein izan ziren islatzea. Mireia Oriol eta Urko Olazabal aktoreek hezurtu dituzte Nevenka auziko protagonistak, eta haiek dira indargunea, tamalez, indarkeria matxistaz hitz egiteko aukera galdua bilakatzen den lan honetan.
Biktima haren infernua erakusten digu bere nortasuna deuseztatzerainoko galbidean, baina baita bere borrokarako grina ere, sistema oso baten aurrean zutitzen den emakume baten gisara. Alta, kontatzeko moduan du akatsa: kontakizun laua da, azalekoa eta, tarteka, gehiegizko karikatura, non ezin izan duen saihestu sentsazionalismoan erortzea. Ekidin ezina zait pentsatzea hurbilago dagoela entretenimendurako sorturiko eduki arin batetik, hausnarketara bideratutako proposamen sendoa izatetik baino.
Zuzendariak berak azaldu du filmaren helburuetako bat dela pentsaraztea zein posiziotan gauden gaur, lanak erretratatzen duen garaiarekin alderatuta, jazarpenari dagokionean. Eta bai, argi dago kontzientzia sozialean irabazi dugula, baina oraindik ikasgai garrantzitsuena geratzen zaigu: biktima seinalatzeari uztea.
Premiazkoa da erasotzailea bilakatzea protagonista, dagokion erantzukizunez kargatzea. Lotsa bandoz aldatu behar da, bai, baina fokua ere bai.