Josu Leoz egiatarraren 'Florecer' lana izango da Hartutako Burmuineko Gaitzaren Eguneko kartela
Hilaren 26an izango da Espainiako Estatuko Hartutako Burmuineko Gaitzaren Eguna, eta aurtengo karteleko ilustrazioa donostiar batek egin du: Josu Leoz Lergak. Gipuzkoako ATECE hartutako burmuineko gaitza duten pertsonen eta euren senideen elkarteko erabiltzailea da Leoz, eta elkarteko ikastaroetan egin duen Florecer ilustrazioa erabili dute estatu osoan zabaltzen ari diren kartela osatzeko. ATECEk azaldu duenez, honakoa da lanaren esanahia: “Zauritik bizia eta loreak sortzen hasten dira, berriro sortzen den hazia bezala”.
Hain zuzen ere, Leozek buruko isuri larria pairatu zuen duela bi urte, 2022ko maiatzean. 62 urte zituen orduan, eta oso larri egon bazen ere, pixkanaka, egoerari buelta ematen joan zen, senide eta lagunen babes eta laguntzarekin. Gaur egun, sekuela batzuk baditu ere —ikusmenean eta ahalmen kognitiboan, esaterako—, bere seme-alaben gainbegiratzearekin, bizitza normala egiten du. Halaber, senideek azaldu dutenez, “pozik” dago Leoz, eta umiltasunez ari da bizitzen bere lanaren aitortza hau.
San Martin Unx herri nafarrekoa jatorriz, Leoz gaztetan etorri zen Donostiara, eta Egian bizi da duela 30 urte baino gehiago. Osasunako eta Iruñeko sanferminetako zale sutsua, artea eta eskulanak gustatu izan zaizkio beti Leozi. Hain zuzen ere, baserrien eta Gabonetako jaiotzen maketa landuak egin izan ditu, baita bere senide eta lagunei oparitu ere.
Hiritar merezimenduaren domina
ATECE elkarteak 30 urte bete ditu aurten, eta urte hasieran aitortza esanguratsua jaso zuen: Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen, San Sebastian egunaren bueltan. Horren harira, hedabide honek elkarteko profesional Iratxe Beitiarekin eta Lourdes Carrascorekin hitz egin zuen.