Komunitate euskaltzalea entzun, gero eta gehiago izateko
Bizarrain euskara elkarteak hogei urtetik gora daramatza Altzan euskararen alde lan egiten. Aurrera egiteko, ordea, ezinbestekoa da egindako lanaren balorazioa egitea eta inertzia zaharrekin haustea, eta horretan dabiltza orain Bizarrainekoak.
Hogei urtetik gorako lan nekaezinaren ostean, Altzan euskararen erabilera sustatzeko lanean jarraitzen dute Bizarrain elkartekoek. Ordea, euskararen egoera eta komunitate euskaltzalea azken hogei urteotan aldatzen joan denez, lan ildo batzuk ere aldatzea komeni da, perspektiba galdu gabe, betiere.
Hori dela eta, Bizarrainek galdeketa bat zabaldu zuen duela hilabete batzuk Altzako euskaltzaleen artean: «Badakigu jendeak gure lana estimatzen duela, baina harago joan nahi genuen, jendearen iritziak zehatzago ezagutu nahi genituen, lana baloratzeko», azaldu du Bizarraineko kide Izko Lekuonak. Halaber, galdetegiaren nondik norakoak azaldu ditu Jose Angel Apaolaza Butx Bizarraineko kideak: «Lau galdera itxi eta bi ireki ziren. Hor daude emaitzak, eta aztertzen ari gara, urtean zehar egiten dugun lanean lehentasunak jartzeko, gauzak aldatzeko, gauzak mantentzeko, eta abar».
Galdeketaren emaitzak jendaurrean aurkeztu dituzte berriki auzoan, eta atera dituzten ondorioen artean, batean jarri du fokua Lekuonak: «Inkesta erantzun dutenen %94ak pentsatzen du euskara hitz egiten ez dutenek pentsatzen dutela ez dutela euskara behar. Orduan, ez badute behar, nola hobetuko du euskararen egoerak? Ez dago botoi magikorik, baina sukalde lanean jarraitu behar da, poliki-poliki». Datuak ez ezik, proposamenak ere atera dira inkestan, Butxek dioenez: «Gazteekin lantzea euskararen erabilera, euskaldunak ez direnekin egitea lanketa sakonagoa… Guk ditugun baliabideak ditugu eta gure inertziak ere baditugu, eta inertzia horiek pixka bat kolokan jartzea da asmoa, nolabait».
Inkestan ez ezik, jendaurrean egin zuten aurkezpenean ere atera ziren proposamenak, Butxek gogoratu duenez: «Alde batetik, aipatu zen azkenaldiko oldarraldi judizialaren aurrean, gehiago eta argiago posizionatu behar garela auzoan, publikoki. Era berean, egunerokotasuneko euskararen presentzia txikiaren aurrean, atera zen ideietako bat izan zen ondo identifikatzea zeintzuk diren Altzako euskararen inguruan ditugun komunitateak: euskaldunak direnak baina ez dutenak euskararekiko atxikimendu handirik, atxikimendua dutenak, euskaldunak ez direnak… bakoitzarekin nola lan egin aztertzeko eta denetara heltzeko».
Erabileran fokua
Donostiako auzoz auzoko euskararen kale erabileraren inguruko azken datuen arabera (2021), Altzan entzuten dira elkarrizketa gutxien euskaraz (%4,5). Horregatik, Lekuonak dio datu horri buelta ematea dela Bizarrainen helburu nagusia: «Hurrengo datuak ateratzen direnean %4,5 hori %4,6 bihurtu baldin bada, bada zerbait. Zentzu horretan nola eragin dezakegun aztertzen ari gara etengabe, besteak beste, aipaturiko galdeketaren bidez».
Hain zuzen ere, zentzu horretan, gauza batzuk euren esku egon daitezkeela argi dute, baina beste asko ez, hala nola, ezagutza areagotzeko ikastaroak antolatzea, euskaltegietan izena emateko erraztasunak jartzea, eta abar. Hortik doa, hain zuzen ere, atera duten beste ondorioetako bat, Butxek nabarmendu duenez: «Argi ikusten dugu tokatzen zaigula erakundeak interpelatzea, planteatuz ea nahikoa den egiten ari direnarekin. Leku guztietan daude beharrak euskararekin, argi dago, baina hemen, egungo populazio kopurua daukagunetik, arazoa nabarmena da».
Bizarrainek egunerokoan euskara gehiago erabiltzean eragin dezake bereziki, kideek nabarmendu dutenez: «Soilik kalean euskaraz hitz egiten bada ere, inguruan irekitzen da euskara erabiltzeko bidea». Horregatik, galdeketako emaitzak, zein orain arte egindako lana oinarri, euren jardunarekin jarraituko dute: Altza Hadi egitasmoa, Altzako bertso aroa, Kantuz kantujirak, Euskararen Eguneko jarduerak eta, hurrengo udaberrira begira, Euskaraldia, bereziki.
Izan ere, etsipenetik urrun, Bizarrainekoek argi dute azken bi hamarkadotan egindako lana eta egiten jarraitzen dutena baliotsua dela, eta buelta eman diote %4,5eko erabileraren datuaren irakurketari: «Aldaketak nahi baino mantsoagoak badira ere, askotan pentsatzen dugu, zer gertatuko zen egon izan ez bagina hogei urteotan? Hutsune handia egongo litzateke».