Palestinaren aldeko 24 orduko baraualdia, «kontzientziak astintzeko»
Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta, hamaika lagun 24 orduko baraualdia egiten ari dira. Ostegunean, urriak 3, hasi zuten baraualdia eta elkarrekin egin dute gaua Donostiako Zentro Sozialistan.
Urriaren 7an urtebete beteko da Palestinako hainbat talde armatuk Israelgo lur okupatuen kontra eraso egin, eta erantzun gisa, Israelek Gazako Zerrendan “genozidioa” hasi zuenetik: “Gazako populazioaren %10 erail du Israelek urtebeteko epean, hau da: 50.000 pertsona inguru, 16.000 baino gehiago, adin txikikoak”.
Plataformak adierazi duenez, “auzi honekiko zenbaitek erakutsi zuten ekidistantziari eta anbiguotasunari aurre eginez” antolatu zen iaz plataforma, “Palestinari elkartasuna adierazi, sionisten genozidioa salatu eta herri palestinarraren erresistentzia eskubidea aldarrikatzeko”.
Horregatik, bihar mobilizazio nazionala antolatu dute, Bilbon, 12:00etan. Baraualdiarekin eta manifestaziaorekin “kontzientziak astindu, indarrak batu eta bihar mobilizatzeko deia” egin nahi dute plataformako kideek: “Gero eta garrantzitsuago da Israelen proiektu sionista desnormalizatu, borrokatu eta boikotatzeko borroka zabaltzea, baita estatu terrorista horri babesten eta zilegiztatzen duten konplize guztiak seinalatzea”. Bide horretan, Israelgo enpresen produktuei ez ezik Israelgo estatuarekin harremana duen enpresa orori ere bizkarra eman eta publikoki seinalatzea eskatu dute.
Gaur arratsaldean bukatuko da Donostiako baraualdia Mohammed el-Kurd poeta palestinarraren olerki musikatuen errezitaldi batekin: Rifqa: honengatik egiten dugu dantza.
Biharko manifestaziora joateko autoa partekatzeko deia egin dute. Horretarako palestinarekindonostia@riseup.net helbidera idatzi behar da. Goizeko 10:00etan aterako dira autoak Amarako Xanti Hoteletik.