Realak galdu egin du Anderlechten aurka, ultrek estadioan sortutako istiluek baldintzatutako partida batean
Txuri-urdinak markagailuan aurreratu baziren ere, ultra belgikarrek istiluak sortu zituzten unean berdindu zuen Anderlechten. Hala ere, makal ibili ziren donostiarrak.
Aste osoan zehar, Anderlechteko zale ultren (ultraeskuindarrak, gainera) iritsiera izan da Donostiako elkarrizketetako gai nagusietako bat, ostegun arratsalderako Amara Berrin prestatu zuten “segurtasun operazio” zabala medio —bide ugari itxita, inguruko eskolak lehenago ixtea, eta abar—.
Bada, ultra belgikarrak hiri osotik paseoan ikusi ahal izan ziren arratsaldean, ertzainez inguratuta, eta ez zen istilu aipagarririk sortu kalean. Aldiz, Anoetara iristean, badirudi segurtasuna bigarren maila batean gelditu zela. Izan ere, partidako lehen ordu erdia oraindik beteta ez zegoenean, ultrek euren gunea inguratzen duen hesiko zatiak eta aulkiak jaurti zituzten beheko harmailara, realzalez beterik zegoen harmailara. Ertzaintzak esku hartu zuen orduan, baita bost lagun atxilotu ere. Epaileak, ordea, tarte txiki batez baino ez zuen gelditu partida; Realak gertakariak gaitzetsi ditu eta bilera eskatu dio UEFAri.
Kirol arloan, ondo hasi zuen norgehiagoka Realak, bosgarren minutuan aurreratu baitzen markagailuan: belgikarrek akats larria egin zuten defentsan, baloia Sadiqek hartu zuen, erdiraketa egin zuen eta Pablo Marin gazteak sarera bidali zuen. Hori izan zen Sadiqek egin zuen onena, beste behin, oso partida txarra egin baitzuen nigeriarrak eta atsedenaldian aldatu zuen Imanol Alguacil entrenatzaileak.
Handik gutxira, ordea, aipaturiko istiluak hasi ziren Anderlechtekoen harmailan, eta horregatik izan edo ez —txuri-urdinak oso makal ibili ziren defentsan jokaldi horretan—, nahaste une horietan berdindu zuen neurketa talde belgikarrak, Vazquezen eskutik, 28. minutuan. Kolpe gogorra izan zen etxeko taldearentzat, eta handik gutxira jaso zuen bigarren kolpea, Leonik gol ikusgarria sartu baitzuen area kanpotik. Atsedenaldiaren aurretik, gol aukera argia izan zuen Oskarssonek, Remiro atezainaren pase bikain bati esker, baina baloia zutoinera bidali zuen aurrelariak.
Saiatu, baina ezin
Bigarren zatian, Take, Barrenetxea eta Aguerd zelairatuta, etengabe saiatu ziren Alguacilen mutilak; denbora tarte luzeak pasatu zituen Anderlechtek Realaren zelaira igaro gabe. Ordea, atzean fin ez dabiltzan moduan, aurrean ere punteriarik gabe dabiltza txuri-urdinak. Gol aukerak izan zituzten, besteak beste, Takek, Barrenetxeak eta Braisek, baina ez zuten asmatu eta markagailua ez zen mugitu.
Bere jokoa aurkitu ezinik jarraitzen du Realak, baita Anoeta indargune bilakatu ezinik ere. Erreakzionatzeko eta aurtengo hiru txapelketetan lehiakor izateko garaiz daude txuri-urdinak, baina komeni azkar ematea buelta, urduritasuna gero eta nabariagoa baita.