Aemet erakundearen Intxaurrondoko egoitza zaharra udalaren esku uzteko eskatu du EH Bilduk Senatuan
Intxaurrondoko Etxaide Borda eraikina (Parada baserria, 48), Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziaren (Aemet) Euskal Herriko Lurralde Ordezkaritzaren egoitza izan zen urte luzez, baina 2015ean itxi egin zuten, eta utzita dago ordutik. Hori dela eta, EH Bilduk Espainiako Senatuan mozio bat aurkeztu du Olaia Duarte senatariaren (udaleko zinegotzia ere bada) bitartez, Espainiako Gobernuari eskatzeko “eraikina doan lagatzeko udalari, interes publikoko xedeetarako”.
“Eraikina ixtea, erabilera alternatiborik eman gabe, kaltea eragiten die Intxaurrondoko bizilagunei. Alde batetik, zona hau erabilera publikoko espazioak eta ekipamenduak handitzeko azpiegitura izan daitezkeelako, eta, bestetik, arrisku egoerak sortzen dituelako. Izan ere, 2023ko urriaz geroztik, gutxienez bi sute izan dira eraikinaren barruan, azkena, joan den irailean”, nabarmendu du koalizio abertzaleak.
Era berean, EH Bilduk gogorarazi du azken urteotan “hainbat erabilera aukera planteatu eta aztertu” direla, baina, aldiz, orain arte ez dela “inolako akordiorik lortu besterentzeko, ez eta doan lagatzeko ere”.
Ildo horretatik, Donostiako Udal Gobernuari ere eskatu diote “eskura dituen baliabide guztiak martxan jar ditzala eraikinari irtenbide bideragarri bat emateko, orain arte lagapena gauzatzea eragotzi duen zailtasuna konponduz, eta, horrela, lursaila donostiarren gozamenerako eskainiz”.