Altza XXIk salatu du udalarentzat «tramite» bat dela HAPOaren inguruko parte hartze prozesua
Donostiako Udalak aste honetan aurkeztu du hiri antolamenduko plan orokorraren aurrerakina, horren inguruko parte hartze prozesua abiatzearekin batera. Ordea, lehenengo bilera publikoak egin ostean, Altza XXI Herri Ekimenak prozesuaren gabeziak salatu ditu: “Proiektuak 300 orrialde baino gehiago ditu eta denborarik eman gabe udala hasi da, mezu elektroniko bakan batzuk bidalita, auzoetan aurkezpenak egiten. Hori ez da parte hartze prozesu bat, hori udalak tramite bat betetzen duela esateko bilerak besterik ez dira. Horren adibide da Parte Zaharra, Erdialdea, Amara eta Amara Berri auzoak hartzen dituen deialdian hamabost lagun egon zirela. Hau da, 60.000 donostiar baino gehiago hartzen duen eremu batetik hamabost lagun”.
Herri ekimenaren ustez, udalak ez du nahi herritar asko joatea bilera horietara: “Ulertu behar da ez joatea bilatzen dutela, hau da, erdi ezkutuan pasatzea. Agian, herritarrek bozketa egitea besterik ez dute bilatzen, baina hori ez da parte hartze prozesu bat, hori populismo hutsa da. Ezin da bozkatu ezagutzen ez dena eta hirigintzaren jasangarritasuna iritzi guztien gainetik dago. Hirigintzarena funtzio publikoa da. Horrek esan nahi du hiriaren eta espazioaren antolamendua arau esparru baten, lege batzuen eta iritzizkoak ez diren printzipio batzuen arabera egin behar dela”.
Gaineratu dutenez, “ingurumen arauak eta garapen jasangarriaren irizpideak, klima aldaketari aurre egiteko ekosistemen babesa, natura lehengoratzeari eta biodibertsitatea babesteari buruzko Europako kontseiluaren aginduak eya landa eremua artifizializaziotik eta urbanizaziotik babesteko beharra” eduki behar dira kontuan “plan orokor bat idazterakoan”. “Horregatik, hirigintza printzipioak ez dira bozkatzen”, gehitu dute.
Ildo horretatik, “Donostiako Udaleko kudeatzaileen jarduera eta jardun antidemokratikoa” salatu du Altza XXIk, “horrelako gabeziek herritarren manipulazioa besterik ez dutelako erakusten”.