Aske utzi dituzte atxilotutako Anderlechteko ultra guztiak
Larunbat goizean pasatu dira epailearen aurretik atxilotuta jarraitzen zuten Anderlechteko hiru ultrak, eta aske gelditu dira dagoeneko, Segurtasun Saileko iturriek Europa Press agentziari baieztatu diotenez.
Ultra belgikarrek Anoeta estadioaren barruan sortu zituzten istiluak ostegun iluntzean —aulki eta hesi zatiak bota zizkieten beheko harmailako realzaleei—, Realaren eta Anderlechten arteko partidaren lehenengo zatian. Ertzaintzak bost lagun atxilotu zituen, baita biri polizia agenteen aurkako atentatuaren delitua eta hiruri desordena publikoen delitua egotzi ere. Lehenengo biak ostiralean gelditu ziren aske, eta beste hirurak gaur, epailearen aurretik pasatu ostean.
Arrisku handiko partida gisa izendatu zuten neurketa hori Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, eta, hori dela, operazio berezia prestatu zuten, Amara Berriko errepide ugari arratsalde osoan zehar itxiz eta eskola ordutegiak moldatzera behartuz, besteak beste. Era berean, ultrak hiriko erdiguneko kaleetatik eraman zituzten Anoetara. Gertakariek eta polizia operazioak eztabaida sortu du hirian, besteak beste, Eneko Goia alkatea bera kezkatuta agertu baita.
Linas Korta argazkilariak ultra belgikarrek Anoetaraino ertzainez inguratuta egindako bidea erretratatu zuen: