Atxiloketa agindua ezarri dute Lukas Agirreren hilketako auzipetuak estaltzeagatik akusatutako emakumearen aurka
Lukas Agirreren hilketaren kasua ikertzen ari den epaitegiak agindu du Lukas Agirre ustez hil zuten bi gizonak ustez estaltzeagatik auzipetuta dagoen emakumea atxilotzeko.
Emakumea behin-behinean aske dago, kautelazko neurriekin, epaiketaren zain, baina ostiral goizean ez da Donostiako Justizia Jauregira joan, ahozko epaiketa hasi aurreko saio batera. Hori dela eta, aipatu agindua ezarri dute.
Lukas Agirre gazte hernaniarra 2022ko Gabon gauean hil zuten, Donostian, labankadaz. Ustezko bi hiltzaileak behin-behineko espetxealdian daude, eta Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatzen du bakoitzarentzat. Ustezko estaltzailearentzat, aldiz, hiru urteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak.