Parketarrak egitasmoa hiriko parke eta plazetara itzuliko da astelehenean
2024-2025eko ikasturteko Parketarrak egitasmoko lehenengo txanda abiatuko dute astelehenean, hilaren 7an. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak auzoetako euskara elkarteekin batera antolatzen du egitasmoa urtero, urrian, martxoan eta maiatzean, astelehenetik ostiralera, hiru astez hilabete bakoitzean. Helburu nagusia da haurrak euskaraz jolastu daitezen espazioak sortzea.
Horrela, astelehenetik aurrera hiru astez, hiriko 22 jolasgunetan begiraleak egongo dira euskarazko jolasak dinamizatzeko. Parketarrak doakoa da, eta, parte hartzeko, parkera joan eta dinamizatzaileekin jolasten hasi besterik ez da egin behar; auzo bakoitzak bere eguna dauka, beheko irudian ikus dezakezuen moduan. Bestalde, haurren dina kontuan hartzen da egitasmoa garatzeko: Zabu Zibu programan , 3-5 urte arteko haurrekin eta haien arduradunekin aritzen dira eta Txirrintxon programan, 6-9 urte bitarteko umeekin.
Uda aurreko Parketarrak egitasmoko txandan, maiatzean, 1.000 haurrek eta 250 gurasok parte hartu zuten. Euskara Zerbitzuaren ustez, “datuok adierazten dute jarduera dibertigarria eta erakargarria dela, eta haurrek zein helduek gustura parte hartzen dutela”.