Donostiako epaitegi batek «baztertzailetzat» jo du Gipuzkoako aterpetxeetako garbitzaileen euskara eskakizuna
CCOOk epailearen erabakia defendatu du, eta adierazi du "lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak bateragarriak" direla, betiere "proportzio soziolinguistikoak" errespetatzen badira.
Euskararen aurkako oldarraldi judizialak ez du etenik. Azken hilabeteotan, Uliazpiko langileen eta Donostiako Udaltzaingoaren euskara eskakizunaren kontrako epaiak izan dira, euren jardunerako euskara eskatzea”diskriminatzailea” dela iritzita. Oraingo honetan, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen aterpetxeetako langileen euskara eskakizunaren aurka jo du Donostiako epaitegi batek, egonkortze prozesuko deialdiko hizkuntza eskakizuna “baztertzailea eta gehiegizkoa” dela ebatzi baitu. CCOO sindikatuak eman du erabakiaren berri, eta Donostiako epailearen erabakia defendatu du.
Epaiaren berri emateko zabaldu duen oharrean, CCOOk argitu du Gipuzkoako Aldundiaren lan eskaintza bati zuzenean eragiten dion “lehendabiziko sententzia” dela garbitzaileena. Uliazpi Fundazioaren kasuan ez bezala, oraingoan aldundia bera dela langileen kontratatzailea, eta ez aldundiaren menpeko erakunde bat. Aurreko epaien antzera, bere jarrera defendatzeko emandako argudioen artean, sindikatuak “proportzio soziolinguistikoak” jarri ditu zalantzan. Izan ere, adierazi duenez, aterpetxeetako garbitzaileek “txanda bakoitzeko hiru edo lau laguneko taldetan” egiten dute lan, eta horietatik bakarrak edo bik dute zuzeneko harremana erabiltzaileekin: “Gainerako denbora guztian, garbiketa lanak egiten dituzte, herritarrekin harremanik izan gabe”, azaldu dute.
“Eskakizunak erregulazioaren gainetik”
CCOOk adierazi du “lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak bateragarriak” direla. Hain zuzen, El Correo egunkariari eskainitako elkarrizketa batean Loli Garcia Euskadiko idazkari nagusiak adierazi du CCOO sindikatua “ez dagoela euskararen aurka” eta herritarrek bi hizkuntzetan arreta jasotzeko” eskubidea dutela. Nolanahi ere, defendatu du horrek bitarteko funtzionario mordoaren kaleratzea eragin duela bete-betean: “Administrazio askok lau buelta eta erdi eman dizkiote hizkuntza profilen legeari eta eskakizunak erregulazioak ezartzen duenaren oso gainetik daude”, adierazi du Vocento taldearen egunkarian.
Ildo horri tiraka, zabaldutako oharrean nabarmendu dute garbitzaileek ez dutela euskara ikasteko aukerarik izan euren lanorduetan; besteak beste, bitarteko langileak direnez, kontratu laburrak izan dituztelako. Adierazi dutenez, halaber, aterpetxe publikoetako egonkortzeko ezohiko prozesu batean kanpo geratu dira bitarteko hainbat langile, “hamabost lanpostuetarako derrigorrezko hizkuntza eskakizuna egiaztatuta ez izateagatik”.
Gauzak horrela, sindikatuak bere proposamena egin du “baztertzailetzat eta segregatzailetzat ” dituen jarrerei aurre egiteko: euskaltegiak doan, lanorduetan ikasteko aukera bitarteko langileentzat eta azpikontratatutakoentzat, makro azterketarik gabeko egiaztatze modu berriak, eta ahozko zein ulermeneko azterketen ofizialtasuna onartzea.