Donostiako Orfeoia ahots gazteen bila dabil
Orfeoi Txikia eta Orfeoi Gaztea biziberritzeko lanetan dabil Donostiako Orfeoia. Gipuzkoako Hitzak argitaratutako erreportaje baten harira, ahots gazteen bila dabiltza. Izan ere, pandemiak bi orfeoi horiek desagertzea ekarri zuen. 1990eko hamarkadatik izan dituzte bi taldeak, eta, orain, berriz ere martxan jarri nahi dituzte.
Hona hemen erreportajeko pasarte pare bat:
Orfeoi Txikia berpizteko helburua finkatu zuen orfeoiak udaberrian. «Haurrak eta gazteak hurbiltzeko kanpaina bat jarri dugu martxan. Donostiako ikastetxe batzuetan ere izan gara, eskolaz kanpoko jardueretan koruak antola ditzaten. Baten bat sortu da, talde txikiak badira ere. Jakintza ikastolan eta Aldapeta Maria ikastetxeetan, adibidez. Eskolen egituren barruan daude koru horiek, baina, aldi berean, orfeoiarenak dira».
Kanpainak eman ditu fruituak: joan den ostiralean 8 eta 16 urte bitarteko hogei lagun bildu zituen orfeoiak, aurreneko saiorako. «Lehenengo, argazki orokor bat ikusi nahi dugu. Ikusi taldea nola dagoen eta zenbat gauden, gero azpitaldeak egin edo ez erabakitzeko. Baina nerabe taldetxo bat badago, gazte korua ere sortu nahiko genuke», adierazi du Arabaolazak. Ezinbestekotzat jo du haur eta gazteak abesbatzan hastea: «Orfeoiaren harrobia dira. Orfeoiak jendea behar du aurrera jarraitzeko. 120 urte baino gehiagoko ibilbidean jende asko pasatu da hemendik. Beste batzuk gaude orain, eta beste asko etorriko dira. Beraz, su hori ezin da itzali».
Hemen irakur dezakezue osorik.