Gernika Palestinak mobilizatzera deitu du, «genozidioa gelditzeko»
Urriaren 21ean, udaletxeen aurrean 19:00etan kontzentrazioak egiteko deia luzatu du Gernika Palestina herri ekimenak.
Gernika Palestina herri ekimenak kaleak hartzeko deia luzatu du astelehen honetan, Aieteko jauregian egindako agerraldian. Gazaren aurkako azken sarraskia hasi zela urtebete betetzen da gaur, eta data baliatuta, askotariko eragileak bildu dira, “berehalako su etena” aldarrikatu eta euskal gizartea mobilizatzeko. Hala, hilaren 21ean, Donostian egin zen manifestazio handiaren urteurrenean, Euskal Herriko udaletxeen aurrean protesta egiteko deia luzatu dute: “Genozidioa geldiarazteko eta konponbidea aldarrikatzeko jendarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe baita: mobilizazioa”.
Deialdiko adierazpenetan, euskal gizarteak genozidioaren aurrean izan duen erantzuna nabarmendu dute kideek: Palestinaren kontra areagotu den biolentziak eta genozidioak inoiz ezagutu ez den ezberdinen arteko elkarlana eta mobilizazioa ekarri dute Euskal Herrira”. Alabaina, kezkatuta agertu dira Ekialde Hurbiletik iritsitako azken berriek indarkeriaren gorakada berrestsi dutelako: “Palestinaren suntsiketa egoerak ezintasunez betetzen gaituzte. Israelen bortxa eta inpunitateak ez du mugarik”, adierazi dute.
Era berean, onartu dute egoerak erabateko egonezina sortzen diela, gainerako herrialdeek ez baitute lortzen indarkeria etetea: “Inoiz egin den genozidio krudelenetako baten lekuko gara, eta, hala ere, nazioarteak ez du lortzen izugarrikeria hori geldiaraztea. Gaur egun, nazioarteko komunitatea ez da gai, II. Mundu Gerraren ondoren hornitutako lege tresnak erabiliz, Israelen zigorgabetasunarekin amaitzeko eta Palestinako herritarrei segurtasuna eta itxaropena bermatzeko”, salatu dute.
Negoziazioa oinarri
Egoera horretan, ezinbestekotzat jo dute nazioarteko negoziazioa bultatu eta NBEren ebazpenak zorrotz betearaztea: “Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, elkarrizketa eta negoziazioa dira egoera krudel honi irtenbidea emateko elementu nagusiak. Nazioarteko komunitatearen parte-hartze aktiboa funtsezko gakoa da.
Gernika-Palestina ekimena bultzatzen duten eragile sozial, sindikal eta politikoek aldarrikatu dute “badagoela itxaropenerako leku bat”. Bakea eta justizian oinarrituriko orden baten alde azaldu dira kideak eta, hori lortzeko, ezinbestekotzat jo dute Palestinan berehalako su-etena ezartzea. Horrekin batera, Mendebaldeko Estatuek Israeli armak eta baliabide militarrak erosi eta saltzeari utz diezaiotela aldarrikatu dute.
Askotariko parte hartzaileak
Gernika Palestina herri ekimenak egindako deialdian bat egin dute askotariko eragileetako kideek. Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari politikoez gain, ELAren, LAB, Steilas, CCOO eta EHNE sindikatuetako ordezkariak ere izan dira. Era berean, Ernai, EH Pentsionistak, Gerrarik ez eta Foro Gogoa eragileek ere ordezkariak izan dituzte bilkuran.