Mintzola jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaindiak Donostian
Euskaltzaindiak Mintzola mintegia antolatu du urriaren 16an, Donostian. Goiz bakarreko jardunaldia izango da, 2024ko ikerketa-sarien deialdietan sarituak izan diren ikertzaileek euren lanen emaitzak jendaurrean azaltzeko aukera izango dute. Horrez gain, Arikala egitasmoa eta Eñaut Agirreren Ahozko hizkeraren ezaugarriak azterlana ere aurkeztuko dira.
Hona hemen 2024ko ikerketa sarien deialdietan saridun izan diren lanak:
- Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa. Egilea: Garazi Domínguez
- Euskal hizkeraren erritmoa. Egilea: Maddi Ormazabal
- Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz. Egilea: Odei Guirado
- Nokaren higatzea Ortzaizen. Egilea: Ana Jaunarena
- Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua. Egilea: Oihana Lujanbio
Deialdietara aurkeztu ez arren, Akademiak Maddi Kintana gonbidatu du Gazteen hizkera BAM eta inguruan izenburupean ondu duen ikerketaren nondik norakoak azaldu ditzan; master amaierako bere lanak “bete-betean” erantzuten die Mintzolaren ikergaiei, eta interesekoa da arloari buruzko ikuspegia osatzeko.
Arikala egitasmoa eta Ahozko hizkeraren ezaugarriak azterlana
Lan horiez gain, beste erakunde eta ikertzaile batzuekin elkarlanean abitutako azterketen berri emango da mintegian: batetik, Arikala, lagunarteko euskara sustatzeko eta esku-hartzeen eragina neurtzeko ekintza-ikerketa ‒Ikastolen Elkartearekin eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin lankidetzan‒; bestetik, berriz, Ahozko hizkeraren ezaugarriak –Eñaut Agirreren azterlana‒.