Taleb Alisalemek Saharako herriaren egoeraren inguruko hitzaldia emango du Donostian
Saharako herriaren borroka nekaezina eta egoera izango dute hizpide ostiralean San Telmo museoan (19:00); sarrera doakoa izango da. Hain zuzen ere, Donostiako Udaleko Lankidetza Bulegoaren eskutik, Taleb Alisalem geopolitikan aditu eta giza eskubideen aldeko ekintzaile eta defendatzaileak hitzaldia emango du. Saharar errefuxiatuen kanpalekuetan jaio zen Alisalem, eta Saharako kausak erabat markatu zuen bere bizitza.
Egun, saharar mugimenduaren ahots ezagunenetako bat da. Izan ere, hiru aldiz izan da saharar herriaren ordezkari New Yorkeko Nazio Batuen Deskolonizazio Batzordean. 2022. eta 2023. urteetan Saharako Kausaren Nazioartekotzea saria jaso zuen UPES Union de Periodistas, Escritores e Intelectuales Saharauis erakundearen eskutik.
Un viaje a la libertad liburua argitaratu du orain, mende erdi baino gehiago irauten duen autodeterminazioaren aldeko borrokaren konplexutasuna azaltzen duena. Kolonizazioa, gerra, erresistentzia eta etorkizuna kontatzen ditu obrak, hitza eskatzen duen saharar gazte belaunaldi baten ahots kritikotik.
Hitzaldia, bestalde, Kristina Berasain kazetariak gidatuko du. Nazioarteko informazioan aditua da eta Sahara, herri bat erresistentzian liburua idatzi du. Berasain nazioarteko kazetari bakarrenetakoa da saharar herria banatuta dagoen hiru lurraldeetara bidaiatu duena: Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetara, lurralde liberatuetara eta Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetara.