Baikak eskatutako kalte ordaina baztertu du udalak
Baika emakidadunak 56 milioi eskatu dizkio, Bretxako kontratua zehaztutako epea baino 25 urte lehenago amaitzeagatik. Udalak, baina, 6,2 milioi euroan zehaztu du kalte ordaina.
Udalak “eztabaida prozesu luzea” aurreikusten du hemendik aurrera Baika enpresarekin. Hala, azaldu du Eneko Goia alkateak, udal gobernuak afera honen inguruan hartutako erabakiak iragarri dituenean. Donostiako Udalak Baika enpresaren esku zegoen Bretxako merkatua ustiatzeko eta kudeatzeko emakida kontratua deuseztatzea erabaki zuen uztailean, kontratuan finkatutako epea baino 25 urte lehenago. Hori dela eta, 56 milioitan baloratu du enpresak emakidaren balorazioa, baina udalak baztertu egin du: “Jakina, guk ez dugu halakorik ikusten”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Kontratu horren amaiera aurreratzeagatik enpresa horri eman beharreko konpentsazioa 6,2 milioikoa zela adostu zuen udalak uztailaren 16an eta hamabost egun eman zizkion enpresari balorazio hori onartu edo alternatibak aurkezteko. Baikaren erantzuna irailaren 12an heldu zen udalera oso gainetik dauden bi zenbatekoekin: batetik, desjabetutako objektuaren balioa 33,3 milioikoa zela zehaztu zuen; eta 22,7 milioikoa bestea, sortutako kalteagatik. Hala, 56 milioietan ezarri du Baikak emakidaren balorazioa.
Alabaina, udalak Baikaren emakida balorazioa baztertu eta dagokion kalte ordain zehazte onartu du, 6,2 milioiko balioa finkatuz. Eneko Goia alkateak adierazi du enpresak udalak eskainitako prezioa errefusatzen badu, espedientea Lurraldeko Desjabetze Epaimahaiari bidaliko diotela, dagokion kalte ordaina finka dezan.
Era berean, Goiak enpresari ohartarazi dio udalak ere kalte ordainak eskatuko dizkiola Baika enpresari bere funtzioen utzikeriagatik; alegia, kalte galerengatik edo ordaintzeke dituen beste zor batzuen kalte ordainak finkatu beharko dituela, udalak enpresari ordaindu behar dizkion kalte ordainekin konpentsatzeko: “Hortaz, pelikula honen kapituluak kontatzen jarraituko dugu etorkizunean”.