Goiaren arabera, alokairu turistikoen ebazpenaren eragina «hutsaren hurrengoa» izango da Donostian
Udalak ez dituenez erabilera turistikorako baimenak ematen, alkateak ez du uste Auzitegi Gorenaren erabakiak eraginik izango duenik hirian.
Auzitegi Gorenak bi epai eman ditu etxebizitzen jabeek alokairu turistikoen jarduera debeka dezaketela ezartzeko, bizilagunen batzarrean hiru bostenek, gutxienez, hala erabakitzen badute. Zehazki, Espainiako Jabetza Horizontalaren Legeko 17.12 artikuluari jarraituta hartu du erabakia, orain arte probintzia auzitegi bakoitzak nahieran interpretatzen baitzuen araua. Nolanahi ere, Donostiako alkate Eneko Goiaren arabera, epai horrek ez du inolako eraginik izango Donostian: “Nik uste dut epai horrek nekez izan ditzakeela atzera efektuak jadanik daudenengan. Beraz, aurreikusten dut horren eragina hutsaren hurrengoa izan daitekeela”.
Alkateak gogorarazi duenez, Donostiako Udala etxebizitza turistikoak irekitzeko baimenak emateari utzi zion duela “urte eta erdi baino gehiago”, eta hasieran aurreikusten zen moduan, egun behin behinean dagoen neurria, behin betikoa bilakatu nahi ditu Donostiako Plan Orokorra (HAPO) indarrean sartu orduko: “Segurtasun osoz esan dezaket, orain lantzen ari garen plan orokorraren aldaketa puntual horrek behin betiko itxi egingo duela bidea. Hau da, etxebizitza erabilera duen leku batean ezin izango da horrelako jarduerarik egon eta, beraz, ez da lizentzia gehiagorik emango”.