Galtzaden kanpainak bederatzi auzotako 23 kale berrituko ditu datorren urtean
Asfaltatzeko udal kanpaina berriari argi berdea eman dio Donostiako udalak. Tokiko Gobernu Batzarrak bederatzi auzotako 23 kaletako galtzadak konpontzeko obren proiektua onartu zuen astearte goizean eta kontratua lehiaketa publikora atera zuen. Jarduera hori aurrera eramateko 800.000 eurokoa aurrekontua aurr, eta bost hilabeteko egikaritzea epea izango du.
Aurreko urteetan egin duten moduan, udalak bi modutan egingo ditu konponketak: batzuetan, galtzada zati osoak berrituko ditu; besteetan, berriz, zoladuretako zuloen konponketa puntuala egin beharko du, soilik. Udalak azaldu duenez, teknikarien ikuskapenetan, Udaltzaingoaren txostenetan eta herritarrek egindako iradokizunetan oinarrituta egingo dituzte lanok Erdialdea, Gros, Amara, Antigua, Egia, Herrera, Aiete, Intxaurrondo eta Martutene auzoetan.
Hala, 2025ean galtzada berrituak estreinatuko dituzte hurrengo lekuetan: Aieteko Aizkolene, Lanberri eta Andoain kaleetan eta Borroto eta Oriamendi pasealekuetan; Altzako Herrera pasealekuan eta Pasai San Pedro etorbidean; Amarako Bizkaia eta Izostegi pasealekuetan; Antiguako Antonio Arzak kalean; Erdialdeko Bergara eta Peñaflorida kaleetan eta Gernikako Arbolaren pasealekuan, Egiako Tejeria kalean, eta Mandasko dukearen eta Gabriel Aresti pasealekuetan; Groseko Secundino Esnaola, Segundo Izpizua eta Zurriola hiribidean, Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuan, Buztintxulo kalean eta Baratzategi kalean; eta, azkenik, Martuteneko Ubarburu pasealekuan.