Loiolako Erriberan haur eskola berria izango dute datorren ikasturtean
2020an "pandemiagatik" gelditu zuten proiektua berrabiarazi du Donostiako Udalak.
Gabriel Lefitte plazan, haur eskola bat sortzeko lokal baten birgaitzea onartu du Donostiako Udalak, hirian dagoen eskari handiari erantzuteko. Eneko Goia alkateak astearte honetan adierazi duenez, 315 metro koadroko azalera duen eremua hiru espaziotan banatuko dute 0-1 urteko eta 1-2 urteko haurren espazioak bereizi eta askotariko eremuak sortzeko. Era berean, bulegoa eta haurren orgak uzteko gunea izango du, baita 55 metro koadroko erabilera anitzeko espazioa ere.
Tokiko gobernu batzorde osteko agerraldian aitortu zuenez, udalean «aspalditik» aurrera eraman nahi izan duten proiektua da, zerbitzuaren beharra ikusten dutelako: «Hirian dauden haur eskolen eskaintzan badaudela gabeziak eta, batez ere, Amara auzo inguruan ematen direla». Proiektuak zortzi hilabeteko egikaritza epea 822.000 euroko aurrekontua du.