EH Bilduk dio udalak bermatu behar duela Parte Zaharreko obrak legezkoak izatea
EH Bilduk Donostiako Udalaren Idazkaritza Juridikoari eskatutako txosten batek baieztatu du udal gobernuak bermatu behar duela Parte Zaharreko obrak legezkoak izatea. EH Bilduk eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, besteak beste, aspalditik salatu izan dute Parte Zaharrean nahitaezko lizentziarik edo baimenik gabe egiten direla obrak. Horren aurrean, Donostiako Udaleko Hirigintza Sailak prozeduretan “inhibitzeko” ebazpenak ematen dituela azaldu du udal taldeak, eta espedienteak Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzen dituela. Ordea, aldundiak artxibatu egiten ditu espediente horiek, hirigintza arloko arau hausteak ezagutzeko eskumenik ez duelako.
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, udalak nola jokatzen duen azaltzeko eta txosten juridikoaren gakoak emateko. Adierazi duenez, hilaren 3an jaso zuten txosten juridikoa udaletxeko alderdi guztiek, alkateak barne. Hala ere, EH Bilduk salatu duenez, udalak, gaur egun, modu berean jarduten jarraitzen du, nahiz eta jakin, eta hala jasotzen du txostenak, eskumenei “ezin zaiela uko egin” eta “jarduteko betebeharra” duela. “Argi dago, beraz, derrigorrean dagozkion funtzioak alde batera utzi dituela”, salatu du Burutaranek.
Izan ere, udalak dagokion tituluak baimendu gabeko obra edo erabileren berri duenean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean xedatutakoaren arabera jardun behar du: obra edo erabilera horiek bertan behera uzteko agindua eman behar du, eta, legeztatu ahal badira, obra edo erabilera horiek legeztatzeko epea eman. Ezinezkoa bada edo eskatu ez bada, erabilera eraisteko edo behin betiko uzteko agindua eman daiteke. Era berean, katalogatutako edo monumentu izendatutako ondasuna denean, eraitsitakoa berreraikitzeko betebeharra jasotzen du. IRUTXULOKO HITZAk txosten juridiko hori eskuratu du, eta honela dio hitzez hitz: “Alkateak, edozein bide erabiliz, ezkutuko obrak edo erabilerak egiten ari direla jakiten duenean, obra edo erabilera horiek berehala eteteko aginduko du”.
Txostenak gogorarazten du, baimen bikoitza dagokiola ondarearen arloan (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta hirigintzaren arloan (Donostiako Udala). Beraz, txostenaren arabera, Hirigintza Saila ez da errespetatzen ari Parte Zaharreko eraikuntza elementuekin bat egiten duen araubide juridiko bikoitza. “Aldundiak ondarea babesteko eskumen jakin batzuk dituenez, ez dira desagertzen hirigintza arloko udal eskumenak. Horregatik, udalak jakiten badu obrak egin direla udalari berari hirigintza-lizentziarik eskatu gabe, udalak jardun beharko luke, exijituz”, dio txostenak.
Esan bezala, udalak aldundira bidaltzen ditu herritarrek obra horien inguruan jartzen dituzten salaketak. Ordea, txostenak baieztatu du udalak baduela salaketak izapidetzeko eta hirigintzaren legezkotasuna berrezartzea eskatzeko eskumena. Eta Arartekoak, duela gutxi igorritako ebazpena aipatuz, Parte Zaharreko bizilagunei arrazoia eman die. “Kontua ez da udalak jardun ahal izatea soilik, baizik eta horretarako betebeharra duela, eskumenak ukaezinak baitira”, nabarmendu du Burutaranek.
EH Bilduren galderak eta txostenaren ondorioak
Txostena egiteko eskaeran, EH Bilduk bost galdera zehatz plazaratu ditu. Lehenengoak udalak jarraitu beharreko prozedura aipatzen du, eta jasota geratzen da, hirigintzaren arloa, obra klandestinoen gaineko udal eskumenak ez direla indargabetzen kultura ondasun bat delako. “Udalak jardun egin behar du”, laburbiltzen du, aldundiaren eskumen konkurrenteak alde batera utzita.
Hirigintzako ordezkariaren erantzukizun mailari buruz, Lurzoruaren Legean obra edo erabilera klandestinoak etetea agintzeko xedatutakoa aplikatuz, txostenak jasotzen du berari dagokiola ebazpenak ematea, eta inhibizio ebazpenek ez dutela doikuntzarik Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean. Era berean, galdetu dute ea espediente horiek artxibatu daitezkeen emandako berrezarpen agindua betetzen ez den kasuetan, “eta erantzuna ezetz da”, jakinarazi du zinegotziak.
Nabarmendu duenez, txosten juridikoaren ondorioek “ez dute zalantzarako tarterik uzten”, eta herritarren zein EH Bilduren salaketak indartzen dituzte. 2/2006 Legeak jasotzen duen bezala, “titulu honetan araututako ahalmenak erabiltzeari ezin zaio uko egin, eta, horretarako, agintariak eta funtzionarioak behartuta daude ahal horiek erabiltzeko ezarritako prozedurak hastera eta izapidetzera, kasu bakoitzean aurreikusitako epeetan”.
EH Bilduk adierazi duenez, orain Hirigintza Sailari dagokio argitzea zergatik ekiten duen horrela. “Urriaren 3tik udal gobernuaren erreakzioren baten zain egon gara, baina ez dute ezer esan, beste behin ere”, salatu du Burutaranek. Horiek horrela, udalari beharrezko neurriak hartzeko exijitu diote.