Iruñeko hilketa matxista salatzeko mobilizatuko dira Bulebarrean
20:00ean bilduko dira gaur, Bulebarrean.
Kayle Villar Pons iruindarra hil zuen gizon batek asteazken goizaldean Iruñeko Arrotxapea auzoan, labankadaka. Horren aurrean, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa plataformak mobilizatzera deitu du Euskal Herriko hiriburu guztietan. Hala, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan egingo duten moduan Bulebarrean ere elkartuko dira gaur, iluntzeko zortzietan: “Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela”, salatu dute zabaldutako oharrean.
Erailketa horren «konplexutasunak» agerian utzi ditu, plataformaren arabera, legeak ez duela indarkeria bere osotasunean aintzat hartzen,eta egoera batzuk ezkutuan uzten dituela: “Horregatik, mugimendu feministak ez du biolentzia matxista bikote harreman afektiboen ondorio bezala soilik ulertzen”. Horiek horrela, indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri eta “lehen mailako arazo sozialtzat” har dezatela eskatu dute. Mugimendu feministak gogorarazi du indarkeria matxistak bost emakume erail dituela aurten Euskal Herrian.