Marrutxipiko lotunea ireki dute
Azpiegitura berriarekin, Gros, Egia eta Intxaurrondo auzoetako trafikoa hobetu, eta Urumea inguruko sarbidearen trafikoa arintzea du helburu Gipuzkoako Aldundiak.
Goizeko hamaiketan, azken doikuntzak egin ostean, Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean dagoen Marrutxipiko lotunea ireki dute. Donostiako GI-20 saihesbideko azpiegitura berri horrek trafikoaren pilaketa “arinduko” duela iragarri du Gipuzkoako Aldundiak, lotuneak ekialdeko auzoetarako sarrera eta irteera mugimendu guztiak hartuko dituela aurreikusten baitute.
Hala, Fernando Sasiain kalearekin eta Mons pasealekuarekin lotura zuzenak ditu, eta Ategorrietatik eta Ipar Intxaurrondotik sartzeko eta irteteko aukera eskaintzen du. Bide eskemak, halaber, bi noranzko nagusietan banatuko du eremuko zirkulazioa: mendebalderantz (GI-20 Bilboko noranzkoa) eta ekialderantz (GI-20 Irunerako noranzkoa). Gainera, lotuneak ekialdeko auzoetara iristeko sarrera eta irteera espezifikoak dituenez, Urumean dauden sarrera bideetako auto pilaketak “murriztuko” dituela iragarri du aldundiak: “Urumeak trafiko handia hartzen du bere gain eta honekin arnas handia emango zaio Donostiako trafikoari. Momentua da segurtasunean, erabilgarritasunean eta jasangarritasunean ahalegin berezi bat egiteko”, adierazi du Eider Mendoza Ahaldun Nagusiak.
Hain zuzen, Mendozarekin bat egin dute Donostiako alkate Eneko Goiak eta Mugikortasuneko zinegotzi Olatz Yarzak irekieraren prentsa agerraldi berrian. Alkateak adierazi duenez, lotune berriak hirigunera doazen pertsonen sarbidea erraztea du helburu, eta oraindik erabilgarritasuna frogatu ezin daitekeen arren, ziur dago “funtzionatuko” duela: “Kanila irekitzen dugunean ura nola dabilen ikusi beharko da, ondoren, sarbide horren erabilerari lehentasuna emateko doikuntzak egin behar diren ala ez erabakitzeko”.
Emaitza “pozgarria”
Eneko Goia alkateak adierazi du “bereziki pozgarria” dela lotune berriaren irekiera, proiektuaren hastapenetatik jarraitu baitu. Alkateak azaldu duen moduan, 2009an mahai gaineratu ziren saihesbidean lotune berria egiteko lehen asmoak: “Donostiako Udala etorri zitzaigun Plan Orokorra idaztera zihoala, eta eskaria zen saihesbidearen puntu hau zulatu ahal izatea”. Orduan, Errepide Azpiegituretako diputatu zen egungo alkatea, baina azaldu duenez,hasieran ez zen bideragarria, saihesbideak gaur egungo trafikoaren bikoitza hartzen baitzuen: “120.000 ibilgailutik gora zituen egunean, eta baldintza horiekin ezinezkoa zen horrelako lotunea egitea segurtasun aldetik”.
Hala, hamabost urte geroago iritsi da aurreko Plan Orokorrean zehaztutako proiektua. Bi urte eta erdiko lanak behar izan ditu eta eta 12 milioiko kostua izan dute lanek. Horietatik, 9 milioitik gorako inbertsioa egin du aldundiak; udalak, berriz, 3 milioitik gorakoa. Obra horiek, halaber, Marrutxipi eremuko saneamendu guztia berritzeko probestu dituzte: “Egia da eragozpen handiak izan dituela baina egingo duen ekarpena ere oso handia da, eta hori ikusiko dugu”, adierazi du Mendozak. .
Zuhaitzak noizko?
Lanek eragin dituzten albo kalteen artean, eremuaren zuhaitz mozketak bildu ditu salaketa gehien. Izan ere, Marrutxipiko lotune berria egiteko, 500 zuhaitz baino gehiago moztu dituzte. Hori dela eta, talde ekologistek, alderdi politiko batzuek eta bizilagunek eremuaren soilketa kritikatu dute azken hiru urteotan. Afera horri heldu dio alkateak prentsa agerraldian, eta adierazi duenez, oraindik zuhaitzen landaketa falta da, baina urtarrilean aurreikusten dute proiektuan aurreikusitako 300 zuhaitzak landatzea.