Migranteen errealitate gordinaren inguruko gogoeta
Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak, Iruña Cormenzana artistaren EskuBideak instalazio iragankorra aurkeztu du gaur Kontxako hondartzan. Esku-hartze honek gogoeta bat sortu nahi du itsasoak eta ibaiak zeharkatuz migratzeko zeharkaldi arriskutsuan murgiltzen diren pertsonek bizi duten tragedia isilari buruz.
Instalazioa bihartik hilaren 18ra bitarte egongo da hondartzan. Are gehiago, bihar egingo dute inaugurazio ofiziala 16:30ean, Kukai Dantza konpainiaren parte hartzearekin.
EskuBideak, hondakinetatik erreskatatutako milaka eskularru molde erakutsiko ditu itsasoko hondarretan ainguratuta. Lan honek industria-hondakinetatik datorren lehengaia erabili du, herrialde hartzaileen behar demografikoak asetzeko lehengai gisa iristen den biztanleriarekin nolabaiteko paralelismoa sortuz.
“Helburua ez da banakako istorioak kontatzea, ezta tragediari aurpegiak jartzea ere, baizik eta arazoaren larritasuna azaltzea, estatistika hotz eta ikaragarriak ikustaraztea”, azaldu du Cormenzanak.
Instalazioak hasiera emango dio Jakiundek, San Telmo museoak eta ZAS-ek (Zurrumurruen Aurkako Euskal Sarea) antolatutako Demografia eta Migrazioari buruzko solasaldi zikloari. San Telmon izango da hilaren 15etik 22ra bitartean.