Mintzalaguna, mihiak euskaraz astintzeko
'Eta euskaraz egiten badugu?' lelopean, martxan da 2024-2025eko ikasturteko Mintzalaguna egitasmoa, Bagera Euskaltzaleen Elkartearen eskutik. Hilaren 25era bitarte eman daiteke izena.
Hirurehun lagun inguruk hartu zuten parte iaz Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak antolatzen duen Mintzalaguna egitasmoan. Orain, 2024-2025eko ikasturteko izen emate kanpaina abiatu dute, eta interesa duen orok hilaren 25era arte izango du horretarako aukera. Bagerak duela 30 urte jarri zuen martxan egitasmo hori euskarazko mintzapraktika sustatzeko, eta jende askok urtez urte errepikatu izan du esperientzia.
Horietako bat da Lurdes Perez (Amara, 1967). Bidelaria da bera —mintzapraktika behar duena—, eta duela hamar urte inguru hasi zen egitasmoan parte hartzen. «Hasieran, pertsona batekin hasi nintzen mintzapraktika egiten, baina oso gogorra egiten zitzaidan lagun bakar batekin ordubetez euskaraz hitz egiteko geratzea. Ondoren, talde batekin elkartzen hasi nintzen, eta hamar urte egin ditut horrela», azaldu du Perezek.
Bidelariei laguntzeko, bidelagunak behar dira —euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak—, eta paper hori du Xabier Elortza Mujikak (Beasain, 1959) duela bi urte. «Erretiroa hartu nuenean erabaki nuen izena ematea, denbora libre gehiago nuela ikusita. Beti iruditu izan zait interesgarria horrelako egitasmo batean parte hartzea, eta denbora izan bezain pronto, horri heldu diot», adierazi du Elortzak.
Elortzak aspalditik ezagutzen zuen egitasmoa, besteak beste, euskalgintzaren sektorean lan egin duelako urte luzez. Aldiz, Perezek euskaltegian izan zuen Mintzalagunaren berri. «Han azaldu ziguten Bagera elkartea zer den, eta Mintzalaguna egitasmoa zertan datzan», azaldu du.
Euskaraz, astero
Lauko taldeetan banatuta daude biak ala biak. Perez eta Elortza ez dira talde berekoak, baina antzeko ohiturak dituzte Mintzalaguna egitasmoa aurrera eramateko. «Gu, normalean, astean behin elkartzen gara, Tabakaleran. Lau lagun gara, eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Azkenean, lagunak gara, eta planak ere egiten ditugu. San Telmo museora edo parkera joaten gara tarteka. Hainbat gauza egiten ditugu elkarrekin», aitortu du Perezek. Astean behin elkartzen dira, ordubetez edo ordu eta erdiz euskaraz aritzeko.
Elortza eta bere taldekideak, adibidez, ostegun goizetan elkartzen dira, Tabakaleran beraiek ere. «Hasieran, pixka bat negoziatzen hasi ginen zertaz hitz egingo genuen, izan ere, bakarren batek nahiago zuen gaiak prestatuta ekartzea. Baina, gero, eguneroko martxan, elkarri galdetzen diogu ea astea zer moduz doan, eta eguneroko kontuez aritzen gara, haritik tiraka», azaldu du Elortzak.
Normalean, astean behin elkartzen dira Mintzalaguna egitasmoko partaideak, ordubetez elkarrekin euskaraz aritzeko
Jendea ezagutzeko aukera
Mintzalaguna egitasmoak aukera ematen du euskaraz lasai aritzeko, Elortzaren arabera, «euskaltegiko tentsio puntu hori alde batera utzita». Gainera, jende gehiago ezagutzeko ere primerakoa dela azaldu du: «Hainbat ikuskera, adin eta jatorritako jendea ari da parte hartzen, eta horrek aberastu egiten du esperientzia».
Perezek aitortu duenez, euskara gero eta gehiago erabiltzen du Mintzalaguna-n parte hartzen ari denetik. «Asko kostatzen zait euskaraz hitz egitea, eta oso baliagarria zait egitasmo hau horretarako», nabarmendu du. Hori dela eta, «beldurra eta lotsa kentzeko» oso egokia dela adierazi du Perezek.
Azaldu dutenez, egitasmoan parte hartzen dutenen batezbesteko adina 55 urtetik gorakoa da, «suposatzen delako gazte gehienek ezagutza, behintzat, badutela». Hala ere, Bageratik adierazi dute gazteak ere tarteka animatu izan direla: «Batzuetan, D ereduan ikasi duen jendea etortzen da, gero, denbora luzez, euskararekin harremanik izan ez duena eta hizkuntza berreskuratu nahi duena».
Hizkuntzak adinik ez duelako, Perezen eta Elortzaren moduan Mintzalaguna egitasmoan parte hartu nahi dutenek, Bagera.eus webgunean eta Bageraren bulegoan (Hernani kalea, 15) eman dezakete izena.