'Ñoñostia' terminoaren sortzaileak eta hiriaren kronikari zorrotzak
40 urte bete dira Donostiako bikote musikal mitikoenetako bat jaio zenetik: Sanchis y Jocano. Ez ziren inoiz izan hiriko talde ospetsuena, inondik inora, baina bai euren garaiko hiriaren kronika zorrotzenetarikoa egin zuena.
Kronikari asko eduki ditu historian zehar hiriak, baina ez dira horrenbeste izan garaian garaiko hiriaren alde ez hain ederren kronika egin dutenak; edo, gutxienez, ikusgarritasun nabarmen txikiagoa eduki dute. Hala ere, beti egon dira (eta orain ere badaude) hori egin duten donostiarrak: batzuek historia arloan egin dute, beste batzuek kazetaritzan eta beste batzuek musikan, besteak beste. Musikan, Sanchis y Jocano bikotea (Santi Gaska eta Juan Carlos Landa) izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetako Donostiako kronikari zorrotzenetarikoa egin zuena.
Donosti Sound delakoaren eta punkaren garaiko hondarretatik jaioa, sei disko luze utzi zituzten historiarako, kantautore tonuarekin eta tarteka rockak, bluesak, skak eta popak zeharkatuta, protesta soziala ardatz dutenak.
Bikotearen ibilbidea errepasatu aurretik, bitxikeria bat: euren musikaz gain, hirian eta hiritik kanpo oso zabalduta dagoen Ñoñostia terminoa, mespretxu gisa zein modu kritikoan erabiltzen dena, ere bada euren legatuaren parte. Hala azaldu zuen Jocanok SER irrati katean, Mikel Huarteri 2015ean eskainitako elkarrizketa batean: «Egiten zizkiguten elkarrizketetan, Ñoñostia eta ñoñostiarra terminoak erabiltzen hasi ginen, eta, gero, jendeak zabaldu zituen». Euren ildoa ere laburbildu zuen elkarrizketa horretan Jocanok: «Beti mantendu dut Donostia ez dela esaten duten bezain polita; hiri polita dela, baina badituela ere politak ez diren gauzak eta tratatzen jakin ez direnak. Beti gustatu zaigu hiriaren dualtasun hori, erakutsi nahi izan ez dutena».
Mogollon eta Iguales Y Tu
1970eko hamarkadaren amaieran jaiotako bi pop-rock taldetatik zetozen Gaska eta Landa: lehenengoa Mogollon taldetik eta bigarrena Iguales Y Tu taldetik. Biek ala biek Gipuzkoa Star 82 disko mitikoan parte hartu zuten, eta Mogollon izan zen Santi Ugarte promotoreak Donosti Sound egitasmo ezaguna osatzeko hautatutako taldeetako bat, Puskarrarekin eta UHFrekin batera.
Punk mugimendua jaiotzen ari zen Euskal Herrian, eta bi taldeek horren eragina zuten, punk musika bere horretan egiten ez bazuten ere. Taldeak desegin eta Sanchis y Jocano bikotea sortuta, ildo horretatik jarraitu zuten Gaskak eta Landak, Jakue Pascualek Movimiento de Resistencia. Años 80 en Euskal Herria. Contexto, crisis y punk liburuan (Txalaparta, 2015) azaldu zuenez: «Sanchis y Jocano, ez ziren punkak eta ez zuten punka egiten, baina punkak ziruditen, Dylan eta Lou Reed elkarrekin abesten bezainbeste eta Bukowski bezain mozkor».
Lan guztietan, ugariak dira gauari, parrandari, dekadentziari eta, batez ere, Donostiari erreferentziak
Horrela jaio zen Sanchis y Jocano bikotea, 1984an. 1987an argitaratu zuten euren lehenengo lana, maxi-single formatuan: La crónica de San Sebastián (Ariola), euren abesti ezagunena dena. Hurrengo urtean, Nola diskoetxearekin, Sanchis y Jocano disko luzea argitaratu zuten, aipaturiko abestia jasotzen zuena, No me mola tu pistola-ren moduko beste abesti ezagun batzuekin batera. 1990eko hamarkadan heldu ziren bikotearen hurrengo diskoak: Entre lo prohibido y lo limitado (Basati Diskak, 1992), A la clandestinidad (Zarata Diskak, 1993) eta La historia nos absolverá (Galerna, 1996). 2000. urtean plazaratu zuten Pastis y Cinzano agur diskoa (GP Records), baina, 2017an, tarte batez itzuli ziren, erritmo elektrikoagoekin, Dónde estabas en 2061? diskoa argitaratzeko.
«Ez da hain polita»
Lan guztietan, ugariak dira gauari, parrandari, dekadentziari eta, batez ere, Donostiari erreferentziak; zehatzagoak izateko, katalogoetan saltzen ez duten Donostia horri egindako erreferentziak. Horren guztiaren erakusgarri argiena La crónica de San Sebastián da, eta, segur aski, horregatik da euren abesti ezagunena. Ia 40 urte pasatu dira hiriaren kronika abesti bilakatu zutenetik, baina orduan abestu zituzten gauza askok antzeko jarraitzen dute hiri honetan: «Kontxako barandan entzutea hain ezagun egin duen turismo puta hori» edo, errepikak dioen moduan, «Donostiako kronika ez da uda pasatzeko ematen dizkizuten mapa horietan azaltzen duten bezain polita».
1980ko hamarkadaren amaieran egin zuten moduan, XXI. mendearen hasieran ere modu zorrotzean definitu zuten hiria, In Focus fanzineari eskainitako elkarrizketa batean, Donostiaren «musa eta antimusa» izaerari buruz galdetuta: «Kaka bat da, superburgesa, super Monaco eta ez da inoiz irekiko donostiarra ez den inorentzat […]. Antimusa gisa? Hiria bera aurkezten da hala, nazkagarria delako. Fisikoki polita da, baina beti izan da hala. Donostian dagoen bizi maila ez dago beste inon», zioen Sanchisek. Eta, zera gaineratu zuen Jocanok: «Milaka biztanleetatik, udalak erabat ahaztuta dituen batzuk daude, zeren hiria hain polita denez…». Ez al zaizue ezaguna egiten hori guztia?