Ondarreta, Erdi Aroko aztarnategia
Iraila hasieran, XV. mendeko itsasontzi baten arrastoak topatu zituzten Ondarreta hondartzan. Aldundiko Ondarearen Foru Zerbitzuko Mertxe Urteaga arkeologoak gidatu du ikerketa, eta aurkikuntza «altxor» bat dela nabarmendu du.
Aurkikuntza garrantzitsu bat egin berri dute Ondarretako hondartzan. Irailaren 4an, bertan paseoan zebilen herritar bat konturatu zen zurezko egitura bat zegoela hondarretan, eta arrasto arkeologiko bat izan zitekeela pentsatu zuen. Berehala, abisua pasatu zuen, eta Gipuzkoako Aldundiko Ondarearen Foru Zerbitzuko arkeologo taldeak hartu zuen ikertzeko ardura. «Bertaratu bezain pronto, konturatu ginen zerbait garrantzitsua zela», azaldu du Mertxe Urteaga arkeologoak.
Premiazko esku hartze arkeologiko bat egin zuten berehala. «Abisua asteazken batean jaso genuen, eta hurrengo bi egunetan, ebaluazio esku hartzea egin genuen. Arrasto horien zurezko lagin bat atera, eta hurrengo asterako, lagin horren datazioa prest zegoen. Dendrokronologia bidez egin genuen, eta horrek zuhaitzek urtero botatzen dituzten eraztunak datatzen ditu. Lagin horretan zegoen azken eraztuna 1425. urtean datatu zuten. Beraz, gure ondorioa izan zen XV. mendeko ontzi baten arrastoak topatu dituztela Ondarretako hondartzan», nabarmendu du Urteagak.
Hortik bi astera, marea biziak aprobetxatuz, ikerketari ekin zioten berriro. Irailaren 17an hasi, eta sei egunez aritu ziren hondartzan lanean, egunero, hiru orduz. «Hasieran ebaluazio hori egin genuenez, bagenekien ontziaren tamaina: gutxi gorabehera, 14 metroko luzera eta 3,5 metroko zabalera. Hori jakinda, egunero zati bat aztertu genuen. Mareabeheraren aurretik ordubete eta piko ematen genuen lanean, eta denbora bera mareabeheraren ondoren. Eremua hesitu, eta hondeamakina txiki batekin drainatzeko kanal bat egiten genuen. Lan egiteko eremua agerian zegoenean, hondeamakina horrekin betelana kendu, eta gero, dena eskuz husten genuen. Eremua bistaratu bezain pronto, ontziari argazkiak egin, fotogrametriaren bidez dokumentatu, grabatu eta berriro ere hustutako eremu hori betetzen genuen. Justu ematen zigun denbora bukatzeko, marea gero eta gertuago izaten genuelako», azaldu du.
XV. mendean, nabigazioa eta ontziolak Gipuzkoan oso garrantzitsuak baziren ere, arrasto gutxi iritsi dira gaur egunera arte
Erdi Aroko belaontzi bat
Nahiz eta ikerketa lana zatika egin, fotogrametriaren bidez, itsasontziaren irudi osoa edukitzea lortu dute arkeologoek. Itsasontzia dokumentatu ostean, honako xehetasunak eman ditu Urteagak: «Belaontzi bat da, 14 metroko luzera duena; ertaina, beraz. Ez zen Atlantikoa zeharkatu eta Britainia Handira joateko itsasontzi bat, baina Santanderretik Bordelera joateko modukoa bai. Ez zen hemen hondarra biltzen aritzen zen ontzi bat, alegia. Ziur asko, arraunekin eta haizearekin mugiarazten zuten. Oso arina dirudi, eta ezaugarri oso potentea da tingladiloz eginda dagoela. Modu hori XVI. mendean ordezkatu zuten. Horregatik, horrelako ontziak dira tingladiloz egindako azkenetakoak, datazioa ikusita».
Urteagaren arabera, horrelako ontziek ez zuten asko irauten. Beraz, ziur asko, XV. mendean Ondarretan hondoratu eta harrezkero han egon da. «Horregatik kontserbatu da soilik kaskoaren azpiko zatia, eta alde batera etzanda zegoen», zehaztu du.
Ohikoak ziren horrelako itsasontziak XV. mendean. Merkantziak errepidez garraiatzea oso zaila zen, eta itsasontziz eramaten ziren gauza gehienak, hara eta hona. «Pentsatu behar dugu gure kostaldea itsasontziz josita egongo zela garai hartan. Kostaldeko portuetan, bizitzeko modu oso garrantzitsua zen itsasontziak izatea edo haietan lan egitea. Donostia inguruan, Añorgaraino eta Hernaniraino iristen ziren itsasontziak. Donostiak Urumean Puerto Chico izeneko portua zuen, Santa Katalina zubiaren ondoan. Eta Hernanin oraindik auzo baten izena da Portua», azaldu du.
Ondarretako arrastoetan burdin mineral puskak aurkitu dituzte; beraz, ondorioztatu daiteke material hori uneren batean eraman zuela belaontziak. «Eta, ziur asko, horrekin batera, beste gauza batzuk ere bai. XV. mendea ia bukatu arte, Ingalaterra Bidasoaraino hurbiltzen zen. Akitania lotuta zegoen Gales eta Ingalaterrarekin, erresuma batean. Orduan, Akitania ingelesa zegoen Bidasoaren beste aldean. Horregatik aipatu dut Bordeleko portua. Denetarik eraman eta ekarriko zuten handik», adierazi du.
Arrasto gehiago Donostia eta inguruan
Horrelako itsasontzi gehiagoren arrasto gutxi aurkitu dituzte hemen inguruan, eta «horregatik da hain garrantzitsua Ondarretako aurkikuntza», Urteagaren arabera. Nabigazioa eta ontziolak, Gipuzkoan eta Euskal Herriko portuetan, XV. mendean funtsezkoak izan baziren ere, ez dira horren arrasto asko gelditu. «Horrelako bat agertzen den bakoitzean altxor batzuk azaltzen dira», nabarmendu du arkeologoak.
Adibidez, Galesko Newport hirian, etxe bat egiteko oinarriak egiten ari zirela, Euskal Herrian eraikitako 30 metroko luzerako itsasontzi baten arrastoa topatu zuten 2002an. «Ondarretakoa eta hori garaikideak dira, baina Galeskoa askoz handiagoa da. Beste adibide batzuk ere baditugu, adibidez, Gernika inguruan, Urbieta izeneko beste ontzi baten aztarna aurkitu zuten. Eta beranduagokoak badira ere, Orion, beste arrasto batzuk atera zituzten ur azpitik», zehaztu du.
Donostian, momentuz, Ondarretako ontzia dokumentatu ostean, ikerketa abiatuko dute, «iltzeek utzitako markak, haien neurriak, marken arteko tarteak, ziriak eta guztia aztertzeko». Urteagak azaldu du ez dakitela zenbat denbora emango dien ikerketak, baina argi dute onena Ondarretan bertan egitea dela: «Baldintzak aldatzen ez badira, ikertzeko tokirik egokiena hondartza da».