Askotariko paellak dastatu dituzte Superxagu jaietako herri bazkarian
Superxagu jaiak ospatzen ari dira Amara Berrin, eta herri bazkari jendetsua egin dute eguerdian. Goizean, 11:30ean, paella lehiaketa egin dute Armerias plazan, eta janaria prest zutela aprobetxatuz, horixe jan dute herri bazkarian ere. Elena Ramirezek eta Alberto Lopezek egindako paellak irabazi du lehiaketa, eta IRUTXULOKO HITZAren produktu sorta bat eskuratu dute. Paella irabazlea saiheskiarekin, oilaskoarekin eta Txinako perretxikoarekin (shiitake) prestatu dute.
Auzotar ugari animatu da bazkarira, haurrak, gazteak nahiz helduak. Eta indarrak hartu ostean, bingo musikatua ere egin dute. Arratsaldean, Elektrobuiaka taldearen elektrotxarangak girotuko ditu auzoko kalean, eta gauean, Mugan eta Gordas Pinponeras taldeen kontzertuak izango dira. Bihar arratsaldean emango diete agurra jaiei, baina oraindik festa ordu asko geratzen dira Amara Berrin. Hemen ikus dezakezue egitaraua osorik.