Euskal Herri langilearen aurkako zapalkuntza salatu du Askek Hispanitatearen Egunean
Hispanitatearen Eguna dela eta, manifestazioa antolatu du gaur eguerdian Aske antolakundeak, urriaren 12a “zapalkuntza nazionala berresten eta birproduzitzen duen eguna” dela salatzeko. Espainiako Estatuak, jaiegun honen “inposizioaren” bitartez, “Euskal Herri langileak bere nazio izaerari uko egitea eta jaiegun hori bere egitea bilatzen” duela nabarmendu du Askek.
Egun honen bitartez, Espainiako Estatuak honakoak goraipatzen dituela adierazi dute: guardia zibila eta gainontzeko indar errepresiboak antolakunde politikoetan infiltratzea, tortura burutzea, etxegabetzeak, esplotazioa zein miseria salatzen duten langileen kontrako karga, konpromiso politikoa dutenen aurkako sarekadak eta jarraipenak eta isunen bitartez antolakunde politikoak itotzea, besteak beste. “Azken batean, duten kolorea dutelarik, funtzio berbera betetzen dute: kapitalismoaren nagusitasuna bermatzeko, Euskal Herri langilea sumituta eta isilik mantentzea. Hori da espainiar estatuak gaur ospatzen duena, Euskal Herri langilearen aurkako zapalkuntza”, salatu dute.
Gaurko egunez egin ohi duten desfile militarrari erreferentzia eginez, Askeren ustez, “indar errepresiboen zuriketa eta normalizazioa bilatzen ari dira, gure auzo eta kaleetan desfilatuz, erakustaldi publikoak eginez eta beraien presentzia areagotuz, euren presentzia naturalizatzeko asmoarekin”. Halaber, espainiar estatuak “bere neurrira eraikitako memoria inposatu nahian” diharduela adierazi dute: “Bere krimenak eta gehiegikeriak zuritzen dituen bitartean, Euskal Herri langilearen borroka eta memoria kriminalizatu, kondenatu eta jazarri nahi dute, honek bereari uko egin diezaion. Ildo horretatik, Euskal Herri langilearen asimilazio nazionalean sakondu nahi dute, Euskal Herria gorpuzten duten baldintza objektiboak suntsitzera bideratutako estrategia argia dutela erakutsiz”.
Halaber, Askek gaineratu du “indar errepresiboen” azken xedea dela Euskal Herri langileak bere izaera nazionalari uko egitea eta espainiar zein frantziar identitateak bereganatzea, “hau da, Euskal Herria desagerpenera kondenatzea”.
Hori dela eta, urriaren 12a “borroka egun” bilakatu behar dutela nabarmendu dute, “Euskal Herri langileak pairatzen duen zapalkuntza nazional zein soziala salatzeko eta biolentziaren bitartez errepresioa gauzatzen duten indar errepresiboen suntsipena aldarrikatzeko”.