Lorenzo Motos omendu du udalak, plaka baten bidez
Donostiako Udalak plaka bat jarri du gaur ETAren biktima izan zen Lorenzo Motosen omenez. Honekin 30 dira udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jarri dituen plakak. Motosen omenezko plaka Amarako Parke kaleko 1. zenbakian jarri dute, eta plakak jartzeko gainerako ekitaldietan bezala, omenaldi xumea egin dute. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartu dute.
Lorenzo Motos Rodriguezek 61 urte zituen, eta Valladolidekoa zen, baina 28 urte lehenagotik Donostian bizi zen. Armadako teniente koronela eta zazpi seme-alabaren aita zen. 1980ko urriaren 13ko goizean, Motos bere ibilgailuan zihoan Amarako bere etxetik Loiolako kuarteleko bere lantokira, eta, semaforo gorri batean gelditu ondoren, hiru pertsonak ondoko espaloitik tirokatu eta hil egin zuten.
Terrorismoaren biktimak oroitzeko plakak
Udalak hirian terrorismoaren eraginez eta oinarri politikoko bortizkeriagatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.
Orain arte, honako pertsonak oroitzeko plakak jarri dituzte erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez Fenollar, Francisco Martin Gonzalez, Fernando Mugika Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Dominguez de Bidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno, Eugenio Olaziregi Borda, Francisco Javier Gomez Elosegi, Jose Angel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos, Miguel Angel Iñigo Blanco, Juan Antonio Marcos Gonzalez, Manuel Orcera de la Cruz, Antonio Pastor, Moises Cordero (ETAk erailak); Enrique Cuesta, Antonio Gomez eta Juan Manuel Garcia Cordero (Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erailak), Begoña Urroz Ibarrola (DRIL talde armatuak eraila), Mari Jose Bravo del Valle (Batallon Vasco Español taldeak eraila) eta Joseba Baradiaran Urkola (poliziaren ekintzak eragindako biktima).