Gazteentzako eta adinekoentzako 200 etxebizitza baino gehiago eraikiko dituzte
Morlans eta Loiolako Erribera auzoetan aldi baterako etxebizitzak egingo dituzte. Gazteen emantzipaziorako eta adinekoen behin-behineko bizitokietarako bideratuko dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila eta Donostiako Udala akordio batera iritsi dira hirian zuzkidura apartamentuak eraikitzeko. Bi erakundeen proiektua kateatuta egon da azken hilabeteotan, Morlans eta Loiolako Erribera auzoetako bi lurzoru horiek lagatzeko erabili beharreko formula juridikoa dela eta. Orain, baina, udaleko iturriek IRUTXULOKO HITZAri baieztatu diotenez, udalak onartu egin du Jaurlaritzaren lurzatien titulartasuna eskualdatzeko prozedura, eta, beraz, “etxebizitza kopuru zehatza guztiz erabakita ez dagoen arren”, 200 apartamentu baino gehiago eraikitzea aurreikusten dute.
Lur azaleraren arabera, Loiolako Erriberan, 100 etxebizitza zituzten aurreikusita, baina auzotarren kritiken ostean, Eusko Jaurlaritzak kopurua jaistea erabaki zuen. Morlansen, berriz, 160 eta 180 etxebizitza artean eraikitzea aurreikusten dute. Nolanahi ere, udaletik argitu dute batekoak zein bestekoak estimazioak baino ez direla, eta “Eusko Jaurlaritzak behin betiko proiektuak onartzen dituenean” zehaztuko direla kopuruak.
Lagapenetan kateatuta
Bi proiektu horiek plan bereziaren izapidetzean kateatu dira, izan ere, Donostiako Udalak administrazio publikoen ateko herri jabariak aldatzeko prozedura bidez egiten behar zela esaten zuen; hau da, lur sailaren titulartasuna baino, lur sail horien erabilera lagatzea. Eusko Jaurlaritzak, berriz, partzela zuzenean eta doan lagatzeko eskatzen zion udalari, aurkeztutako etxebizitzen proiektuarekin aurrera egiteko.
2020tik kateatuta egon den afera, baina, azken egunotan konpondu dute. Hala, Etxebizitza sailak eskatu moduan, lagapen zuzenaren bitartez transmitituko dituzte lursailak, eta, ondo bidean, udal gobernuak biharko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko du operazioa.
Etxebizitza horien proiektuaz gain, Denis Itxaso sailburuak berriki adierazi du mahaia eratu nahi duela udaletatik lursailek lagapena lortu eta babestutako etxebizitza gehiago egin ahal izateko. Udaleko iturrien arabera, hain zuzen, Eneko Goia alkateak “bere prestutasun osoa” adierazi dio mahai horretan parte hartzeko eta elkarlanean aritzeko. Eusko Jaurlaritzak egin zuen azken promozioa Moslanskoa da, 2014koa.