6.000 lagunekin osatu nahi dute marea arrosa
Katxalin elkarteak elkartasun martxa egingo du hilaren 17an, bularreko minbiziaren prebentzioa lehen lerrora ekartzeko.
Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta, Katxalin elkarteak Donostiako kaleak zeharkatuko dituen ohiko martxan parte hartzera gonbidatu dituzte donostiarrak. Urteroko legez, milaka pertsona biltzea dute helburu, gaixotasunaren prebentzioaren garrantziaz ohartarazi eta sentsibilizazioaren bitartez, minbiziak dituen tabuak apurtzeko. Marea arrosa azaroaren 17an irtengo da alderdi ederretik, goizeko hamaiketan.
Gipuzkoako Foru Aldunditik nabarmendu dutenez, Katxalinek gaitasuna du minbiziaren esperientzia ikuspegi itxaropentsuago batean eraldatzeko, gaixotasuna jasan duten emakumeen bizi kalitatearen hobekuntzan oinarrituta: “Sentsibilizazio kanpainen eta emozioen kudeaketara bideratutako terapien bidez, Katxalinek informazioa emateaz gain, gune seguru bat ere eskaintzen du diagnostikoa jaso berri dutenentzat. Ematen duen laguntza eta enpatia funtsezkoak dira “.
Izen emateak Katxalin.org webgunean egin daitezke, eta kamisetak Garbera eta Urbileko Eroski dendetan, Apalategi Kiroletan eta Apalategi Woman saltokietan ere eros daitezke.
Martxatik harago
Elkartearen egitarauari dagokionez, askotariko jarduerak dituzte prest. Horien artean nabarmentzekoak diraa, urriaren 15ean, 16:00etatik aurrera, Onkologikoan egingo diren hitzaldiak eta tailer praktikoa. Bertan, Ander Urrutikoetxeak bularreko minbiziaren tratamenduan dauden berrikuntzak jorratuko ditu, eta Jon Madinabeitiak eta Sara Leturiagak, ariketa fisikoak gaixotasun horretan duen eraginaz arituko dira.
Era berean, urriaren 17tik 20ra Aramendia gozotegiak “donut solidarioa” eskainiko du bere saltokietan, eta urriaren 19an ekitaldi berezia izango dute Donostiako Aquariumean. Musika eta gastronomia bilduko dituen ekitaldi honek bularreko minbiziaren aurkako ikerketarako dirua biltzea du helburu.