Ategorrietako Zelaienea etxearen eraisketa salatu du Ancorak
Ancorak salatu duenez, Ategorrietako Zelaienea etxea eraitsi dute, auzoko landetxe zaharrenetako bat. Jose de Goikoa arkitektoak proiektatu zuen 1896an. 1.923 metro koadroko lorategia zuen, eta Pasaiako galtzada zaharraren ertzean kokatuta zegoen izen bereko baserrian zuen jatorria.
Ancorak nabarmendu du Goikoa oso ezaguna dela, “Donostiaren hiri egituraketari egindako ekarpen erabakigarriagatik”. Mende aldaketan udal arkitektoa izan zen, eta Artzain Onaren plaza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregia egin zituen. Ekipamendu publiko garrantzitsuak proiektatu zituen, hala nola Polloeko hilerria, San Martin azoka edo Urbieta eta Aldamar kaleetako eskolak. Horrez gain, Maria Kristina erreginaren aginduz, Miramar jauregiaren eraikuntza zuzendu zuen, eta Antiguako eta Groseko parrokiak egin zituen.
Zelaienearen ezaugarriak
Goikoak baserri zaharraren sarrerako arkua aprobetxatu zuen, harrizko dobela lodiz osatua, eta jabetzaren itxitura perimetralean integratu zuen. Etxea terraza garai baten gainean zegoen, erdi-puntuko bost arkuk eusten ziotena eta L formako oinarria zuena. Fatxada nagusia hego-mendebaldera begira zegoen. Erdi Aroko ereduetan inspiratutako estilo eklektikoko eraikina zen: leiho ojibalak edo alfizedunak, horma piko mailakatua eta atzeko fatxadako dorre almenaduna bereizgarriak ziren. Teila lau eta malda nabarmeneko estalkiak zituen, eta kapera erromantiko baten itxura ematen zion pinoiaren gainean harrizko gurutze bat zuen. Aurrean zelaigune bat zegoen, eta pittosporum landareez osatutako hesi bat zuen, pago eta haritz aleak zituena.
“Ancorak behin eta berriz eskatu zuen etxea kontserbatzeko, eta etxebizitza independenteetan banatzea proposatu zuen, antzeko kasuetan egin ohi den bezala. Udalak onartutako antolamendu berriak ingurunearen arkitektura nortasuna eta paisaia oreka hausten ditu, espazio berdearen eta eraikitako bolumenaren arteko erlazioa aldatzen baitu. Proiektuak lorategia desagertzea eta partzela osoa hormigoiztatzea dakar, elkarri atxikitako hiru etxe eraikitzeko, igerilekuarekin eta aparkalekuarekin”, azaldu du Ancorak, eta honakoa gehitu du: “Eneko Goia buru duen udal gobernuak 25 etxe historiko baino gehiago eraitsi ditu bere hiru agintaldietan, Goikoak proiektatutako beste landetxe bat barne: Stella Maris, 2018an Aldi kateko supermerkatu batek ordezkatua”.