Beldurra giltzari, mahaiaren bueltan bilduko dira jokatzera
Beldurrola rol jokoen jardunaldiak antolatu ditu Rolariak kolektiboak, azaroko bigarren astebururako.
Aurten ere badator Beldurrola, euskaraz egiten den rol jardunaldi beldurgarria. Azken urteotan egin duten moduan, Gau Beltzaren bueltan egingo dituzte partidak, azaroaren 8an eta 9an, Egia Kultur Etxean eta Ebla liburu dendan. Antolatzaileek iragarri dutenez, egitarau zabala izango du ekimenak aurten eta haurrentzako zein helduentzako partidak antolatuko dira.
Partidak 2-3 ordu ingurukoak izan ohi dira, 3-5 jokalarirentzat. Parte hartzea doakoa da, baina ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea. Era berean, partida gehienetarako ez da beharrezkoa izango aurreko esperientziarik izatea. Antolatzaileen arabera, jokatzeko beharrezko gauza bakarra mahai baten inguruan izango da esertzea eta, materialari dagokionez papera, arkatza eta dado batzuk eskura izan beharko dituzte parte hartzaileek.
Rol jokoak boladan
“Rol jokoak istorioak elkarlanean sortzeko mahai jokoak dira. Jokalariek pertsonaia batzuen papera hartuko dute eta beldurrezko abentura bat osatuko dute gidariaren laguntzarekin. Jokatzeko behar den gauza bakarra mahai baten inguruan esertzea eta papera, arkatza eta dado batzuk eskura izatea da!”, azaldu dute antolatzaileek.
IRUTXULOKO HITZAk Eneko Sanchez antolatzaileetako bat elkarrizketatu zuen. Sanchezek adierazi zuenez, joko estilo horrek zale andana ditu Donostian, eta horren erakusle dira jardunaldi berriak. Izan ere, laugarrenez antolatu du Beldurrola Rolariak kolektiboak.