«Film ikonikoen» soinu bandak, Loiola dantzan jartzeko
Hamalaugarrenez, Loiola Vintage jaialdia antolatu du Retro Musika elkarteak, Loiola Kultur Etxean. Oraingoan, zinemaren historiako zenbait film ezagunen soinu bandak izango dituzte hizpide, Gipuzkoako hogei bat musikariren eskutik. Larunbatean izango da jaialdia (hilak 19), 19:00etan, doako sarrerarekin.
“Doako ekitaldi honek ibilbide musikal bat eskainiko du zinemako doinu gogoangarrienetako batzuetan zehar, bertako musikari talentudunek interpretatuta”, azaldu dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, Lide Hernando musikari donostiarra (Liher, Bele) izango da zuzendaria, eta artista hauek hartuko dute parte: Ivan Azkarate, Daiana Fernandez, Emilio Azkarate, Saioa Sese, Jon O. Lander, Ana Maria Sanchez, David Gonzalez, Sara Escalante, Alvaro Escalante, Thayah Elim, Ciernen Fortea, Ariadna, Xabier Cristobal, Sibel Berra, Aitor Osuna eta O ‘Club. Halaber, Loiola Vintage Banda izango da oinarria. “Gure bizitzak markatu dituzten soinu bandetan zehar garraiatuko gaituzte”, nabarmendu du Retro Musikak.
Loiola Vintage jaialdiak bere lekua egin du hamalau urteotan Donostian, “zuzeneko musikaz gozatzeko espazio bat eskainiz, giro abegikor eta familiarrean”, antolatzaileen hitzetan. “Edizio berri honetan, jaialdiak formatu berrituaren aldeko apustua egin du, filmen soinu bandetan arreta jarriz, musikaren historian aztarna ezabaezina utzi duen generoa”, gehitu dute.