Leire Martinezek esan du berak ez duela LODVGen komunikatua sinatu
La Oreja de Van Gogh taldeak atzo iragarri zuen Leire Martinezek (Errenteria, 1979) taldeko abeslari izateari utziko diola, 17 urteren ostean. Sare sozialetan zabaldutako komunikatu baten bidez eman zuten berria, honakoa azalduz: “Musikaz eta emozioz beteriko 17 urte zoragarriren ondoren, Leireren eta La Oreja de Van Goghen ibilbide profesionalek bide ezberdinak jarraituko dituztela iragarri nahi dugu”.
Gaineratu zutenez, “erabakia gogorra eta zaila izan da, baina hausnarketa eta elkarrizketa sakonen ondoren etorri da”. Halaber, adierazi zuten ez dutela lortu euren bizitzeko moduak “hurbiltzea” eta, horrenbestez, amaitutzat jo dute euren ibilbide artistikoko “etapa liluragarri bat”.
Ordea, polemika sortu du komunikatu horrek, ustez, talde osoaren izenean argitaratu baitute. Hala ere, Leire Martinezek Telemadrid kateko Juntos programari adierazi dionez, berak ez du komunikatua sinatu. “Bihotza, taldeak bere iritzia eman du. Nik ez dut komunikatua osatu”, adierazi du Martinezek programari bidalitako mezu batean, eta honakoa gaineratu du: “Ondo nagoela uste dudanean, neronek kontatuko dut. Baina, oraingoz, ez daukat esateko askorik”.
17 urtez La Oreja de Van Goghen
Amaia Monterok La Oreja de Van Gogh taldeko abeslari izateari utzi ondoren, 2008ko uztailaren 14an taldekideek prentsaurrekoa eskaini zuten Madrilen, Leire Martinez abeslari berri gisa aurkezteko.
2008ko irailaren 2an argitaratu zuten Martinez taldeko abeslari gisa zuen lehen diskoa, A las cinco en el Astoria. Lehen singlea El Ultimo Vals izan zen, eta berehala lehen postuetan jartzea lortu zuen irratietan. Gainera, A las cinco en el Astoria diskoaren salmentengatik platinozko diskoa lortu zuten estatuan, eta urrezko diskoa Txilen eta Argentinan.
2009ko irailean, Cuentame al oido single berria aurkeztu zuten, eta hilaren 12an disko berriaren izena jakinarazi zuten: Nuestra casa a la izquierda del tiempo. Berehala urrezko disko bilakatu zen, 30.000 kopia salduta. Disko horrek abesti zaharrak eta beste zenbait berri biltzen zituen.
Hurrengo urtean, Un viaje al Mar Muerto dokumentala aurkeztu zuten, apirilaren 10ean eta 11n, Madrilen eta Bartzelonan. Un viaje al Mar Muerto La Oreja de Van Goghen lehen film dokumentala da, eta musikan eta taldekideen arteko adiskidetasunean oinarritzen da. Produkzioan, fikzioa eta taldeak Israelera egin zuen bidaiako musika eta irudiak tartekatzen dira.
2011ko uztailaren 16an, disko berriaren lehen singlea ezagutarazi zuten: La niña que llora en tus fiestas. Seigarren diskoa, Cometas por el cielo, irailaren 13an atera zuten, eta urrezko diskoa izan zen; 30.000 kopia baino gehiago saltzera heldu ziren.
2016ko irailaren 10ean, Verano deituriko abestia atera zuten, La Oreja de Van Goghen seigarren albumaren aurrerapen gisa. Abesti horrek ere arrakasta handia izan zuen, eta lehen postua lortu zuen Hego Amerikako hainbat herrialdetan; hala nola, Kolonbian, Perun, Txilen eta Argentinan. Azaroaren 4an, album berria argitaratu zuten —El planeta imaginario—. Lehen postua lortu zuen leku hauetan: Argentinan, Bolivian, Costa Rican, El Salvadorren, Dominikar Errepublikan, Espainiako Estatuan, Estatu Batuetan, Kolonbian, Mexikon, Panaman eta Txilen.
Azkenik, 2020ko irailaren 18an, Un susurro en la tormenta izeneko diskoa argitaratu zuen La Oreja de Van Goghek, Martinez abeslari gisa zuen zortzigarrena, alegia. Lehen singlea, Abrazame izenekoa, 2020ko apirilaren 11n estreinatu zen. Horixe izan zen taldearen estudioko azken albuma, Martinez abeslari zela.
Boladako gaia
La Oreja de Van Gogh taldeak atzo sare sozialetan komunikatua iragarri zuenetik, boladako gai bihurtu da. Sare sozialetan mezu ugari irakur daitezke Martinezen agurraz, eta bada Amaia Monteroren inguruko espekulazioak egiten dituen jendea ere. Batzuen ustez, Montero La Oreja de Van Goghera itzul daiteke, baina momentuz, espekulazio hutsa da, inork ez baitu horren inguruan ezer ofizialik esan.