La Cumbre memoria gune eta estatuaren biktimentzako «etxe» izateko proiektua, mahai gainean
Aieteko La Cumbre jauregia dibulgaziorako, memoriarako eta estatuaren biktimak aitortzeko zein haien erreparaziorako espazio bihurtzeko proiektu zehatza aurkeztu dute, hainbat eragilek elkarlanean idatzita. Estatuaren biktimentzako "leku goxo" bilakatu nahi dute, euren "amesgaiztoetatik atera dadin".
Hainbat talde memorialistek Aiete auzoko La Cumbre jauregian memoria gune bat sortzeko proposamena aurkeztu zuten astearte arratsaldean Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Egiari Zor fundazioko kide Pilar Garaialdek azaldu zuenez, “hemezortzi hilabeteko” lanaren fruitua da proiektua, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Argituz elkarteak, Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak, Berridatzi elkarteak, Egiari Zor fundazioak eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek elkarlanean idatzia.
Proiektuaren xedea da La Cumbre “ikerketarako, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako eta, batez ere, dibulgaziorako gunea” izatea. Jose Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emerituak bideokonferentzia bidez parte hartu zuten saioan, gogoraraziz La Cumbren “giza eskubideen urraketa larriak” egin direla eta jauregia memoria gune bihurtzeko “edozein proiektu” babestuz. Izan ere, GAL talde parapolizialak Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazte tolosarrak bahitu zituenean —gaurko egunez 1983an—, bertan torturatu zituzten; Alacantera eraman zituzten ondoren, bertan tiroz hil eta kare bizitan ehortziz. 1995era arte, ez zituzten gorpuzkiak identifikatu eta Euskal Herriratu.
“La Cumbre erabat aldatu beharko litzateke leku goxo gisa ikusi ahal izateko, baina proiektu honek itxaropena eman dit”
Axun Lasa, estatuaren biktima
Aipaturiko eragileek Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari aurkeztu diete dagoeneko proiektua, La Cumbrerako behin betiko proiektua idazten dutenean “aintzat hartu dezaten”. Gogoratu behar da Aieteko jauregi ezaguna udalaren esku gelditzea eta bertan memoria gune bat sortzea jasotzen duela Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak, EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin hala adostuta. Legea 2022ko urrian sartu zen indarrean eta urtebeteko epean pasatu behar zen jauregia udalaren eskuetara; epeak ez dira bete, baina, abuztuan, udalak Espainiako Gobernuari helarazi zion La Cumbre memoria gune bihurtzeko proposamenaren zirriborroa.
Eduki zehatzak
Eragile guztietako ordezkariek hartu zuten hitza aurkezpenean, baina proiektuak aurreikusten dituen edukien berri Bertha Gaztelumendi EHUko ikertzaile eta zinemagileak eman zuen. Eduki guztiek “giza eskubideekin, biktimen aitortzarekin eta bizikidetzarekin konpromisoa” izango dutela nabarmendu zuen, baita estatuaren indarkeriaren inguruan “kontzientziazio eta dibulgazio lana” egitea xede izango dutela ere, “iragana eta etorkizuna lotzeko”. “Museoko ibilbidea amaitzean, bisitariak zerbait ikasi izana nahi dugu”, gaineratu zuen.
La Cumbrek hiru erakusketa iraunkor edukitzea aurreikusten dute: sarreran, indarkeriaren inguruan ohartaraziko duen bat; bigarrena, frankismoaren eta trantsizio garaiaren biktimen ingurukoa izango litzateke, estrajudizialki exekutatuak, fusilatuak, desagerraraziak, bortxatuak eta haur desagertuak kontuan izango dituena, besteak beste; azkenik, hirugarrena, giza eskubideekin loturikoa izango litzateke, non askotariko espazioak sortu ahalko diren —arrazakeriarena, adierazpen askatasunarena, eta abar—.
Horrez gain, erakusketa “ez iraunkorrak” jasotzea ere aurreikusten du proiektuak, baita jardunaldiak, hitzaldiak eta bestelako jarduera dibulgatzaileak ere. Halaber, Joxe Ramon Zapirain Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak azaldu zuen erakunde publikoekin eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordearekin elkarlanean arituko den espazio gisa irudikatzen dutela La Cumbre, eta estatuaren biktimen aitortzaren inguruko mintegiak jaso ditzakeela, batzorde horrekin elkarlanean.
Bestalde, gunearen esanahia aldatzeko bidetik, jauregiaren itxura “gotortuarekin” amaitzeko beharra nabarmendu zuten hizlariek. Hain zuzen ere, espazioa auzora eta herrira irekitzea aurreikusten dutela nabarmendu zuen Zapirainek, bertan “hainbat azpiegitura publiko sustatuz, hala nola, kultur etxea, unibertsitatea, eta abar”. Izan ere, lursail handia hartzen du La Cumbrek, jauregiaz beraz eta bere instalazioez gain, lorategi handiak baititu.
Arreta psikosoziala
Biktimen arreta psikosoziala “oso beharrezkoa” dela nabarmendu zuen Olatz Retegi Rekalde Berridatzi elkarteko kideak, hala ondorioztatu baita biktimen egoeraren inguruko hainbat egitasmotan. Horregatik, espazioaren museografia eta dibulgazio arloetatik harago, biktimei “laguntza psikosoziala eskaintzeko espazio bat” sortuko dute La Cumbren.
Espazio horretan medikuz, psikiatraz, psikologoz eta langile sozialez osaturiko talde batek egingo du lan, biktima bakoitzaren beharrak identifikatzeko eta bakoitzarekin lan zehatza egiteko. Betiere, biktimen mina arintzea eta bizikidetza sustatzea izango da espazio horren xedea, “zaintza komunitarioa bermatuz”. “Giza eskubideak bizitzaren oinarrian daude, beraz, osasuna, bizitza eta zaintza egon daitezela erdigunean”, gehitu zuen Retegik.
“Itxaropena”
Joxean Lasaren arreba Axun Lasak eta Joxi Zabalaren lehengusina Igone Azpirozek —Joxi Zabalaren arreba Pili Zabala zen ekitaldira joatekoa, baina ezin izan zuen bertaratu azkenean— hartu zuten hitza saioaren amaieran, eta biak “itxaropentsu” agertu ziren aurkezturiko proiektuarekin: “La Cumbre erabat aldatu beharko litzateke leku goxo gisa ikusi ahal izateko, baina proiektu honek itxaropena eman dit”, esan zuen Lasak.
“La Cumbreri eskatzen diot nire amesgaiztoetatik irteteko”
Igone Azpiroz, estatuaren biktima
Lantaldeak egindako lanarengatik ez ezik, Eneko Goia alkatearekin eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Saileko agintari ohi Jose Antonio Rodriguez Ranzekin izandako harremanengatik ere agertu zen itxaropentsu. Ildo horretatik, Azpirozek eskatu zuen asteartean aurkeztutako proiektua “bere horretan” gauzatu dezatela erakundeek, “Euskal Herriaren bakerako eta bizikidetzarako tresna izan daitekeelako”.
Bestalde, bestelako indarkerien biktimekin “harreman ona” dutela nabarmendu zuen Lasak, eta harreman on horretan sakontzeko gune gisa ere irudikatu zuen La Cumbre, baina, bereziki, estatuaren biktimentzako “leku goxo” gisa, “etxe” gisa. “La Cumbreri eskatzen diot nire amesgaiztoetatik irteteko, eta horretarako balio dezake proiektu honek. Orain, indarrak batzeko garaia da, belaunaldi berriak hezteko espazio bat sortzeko, gertatutakoa berriz gertatu ez dadin”, gaineratu zuen Azpirozek. Pilota erakundeen teilatuan dago orain, beraz.