Musika elektronikoari eta abangoardiakoari eskainitako lehen nazioarteko kongresua antolatu du Dantzek
Dantz jaialdiak urrats bat gehiago egin du, Donostiaren eta musika elektronikoaren arteko harremanean sakontzeko asmoz. Oraingo honetan, nazioarteko kongresu baten antolakuntza aurkeztu dute: Dantz Network Congress.
2025eko martxoaren 12tik 15era izango da Dantz Network Congressen lehen edizioa hau, musika elektronikoari eta abangoardiakoari eskainitako lehen nazioarteko kongresua. Kursaalean eta hiriko beste leku batzuetan garatuko da eta, antolatzaileen arabera, “Euskadi sektore zabal eta dinamiko honen erreferente global gisa kokatzea du helburu”.
1.500etik gora parte-hartzaile biltzea asmo du kongresuak, besteak beste, profesional espezializatuak, sektoreko agenteak, artistak, teknologoak eta ekintzaileak mundu osotik. 40 jarduera baino gehiagoko programazioa izango du jardunaldiek: mahai inguruak, hitzaldiak, elkarrizketak, erakustaldiak eta tailerrak barne.
Jokin Telleria, Dantzeko sortzaileak, nabarmentzen du: “Dantz Network Congress kongresu bat baino gehiago da; gure ikuspegia, berrikuntza eta lankidetza musika elektronikoaren arloan islatzen dituen mugarri bat da. Donostiara kongresu hau ekartzeagatik oso hunkituta gaude; ez bakarrik sormena eta teknologia sustatuko dituelako, baizik eta Euskadi musika elektroniko eta abangoardiakoaren mapa globalean kokatuko duelako”.
Antolatzaileek egitasmoaren alderdi ekonomikoa nabarmendu dute: “Espero dugu ekitaldiak eragin ekonomiko esanguratsua izatea, turismo kulturala sustatuz eta garapen lokalari aukera berriak sortuz”.
Honela, hainbat erakundek babestuko dute Dantz Network Congress delakoa: Espainiako Kultura Ministerioa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoen Departamentua, Donostiako Turismo Saila eta Europako Batasunaren Next Generation finantzaketa.